Gurasoek ez dituzte haurrak eskolara eraman eta 19:00etan elkarretaratzea deitu dute Beasaingo Loinazko San Martin plazan.
Eskola atarian gelditu dira ikasleak; azterketari planto egin diote.
Ostiralean iragarri zuten bezala, Murumendi ikastetxeko guraso eta ikasleak eskola atarian gelditu dira gaur goizean. Eusko Jaurlaritzatik 3. mailako ebaluazio azterketa egitera etortzekoak zirela-eta, auzoko pilotalekuan elkartu dituzte ikasleak, gurasoen zaintzapean. Aritz Urien gurasoak adierazi duenez, paper bana sinatu dute zuzendaritzari jakinaraziz haurrei ez dietela baimenik ematen azterketa hori egiteko. “Baina nahiz eta paper hori sinatu ikasleak eskolara joanez gero, azterketa egin beharrean izango ziren. Beraz, kanpoan geratu gara”, zioen Urienek.
Azterketa horri ezetza adierazteko arrazoiak badaudela diote gurasoek: “Gure beldurra da LOMCE datorren ikasturtean jarriko dutela martxan eta azterketa hau LOMCEren prestaketa dela. Badakigu ebaluazio diagnostikoak behar direla, orain arte ere egin izan dira. 4. mailako ebaluazio proba horiek normaltasunez egin dituzte eta horren kontra ez gaude. Baina aldaketa hauek erakusten dute LOMCE badatorrela”.
Azterketei planto egiteko erabakiarekin, duela aste batzuk Ordiziako Jakintza ikastolako gurasoek hartutako erabakiaren bi beretik jarraitu dute Murumendikoek ere. “Guretzat garrantzitsua izan da aurrekari hori edukitzea, erraztu egin digu, eredu ona izan da guretzat”.
Dozena bat guraso boluntarioen zaintzapean jolasean aritu dira haurrak. Iluntzeko elkarretaratzerako ‘LOMCErik EZ’ dioen pankarta ere margotu du dute.
Arratsaldean, elkarretaratzea
Elkarretaratze irekia egingo dute 19:00etan, Beasaingo Plazan. Murumendi ikastetxeko gurasoez gain, Alkartasuna Lizeoko eta Andramendi Ikastolako gurasoek ere bat egingo dute deialdiarekin. “Irekia da elkarretaratzea. Aurten guri tokatu zaigu froga hau egitea baina datorren ikasturtean haur guztiei tokatuko zaie. Iruditzen zaigu denok elkarrekin egin behar dugula borroka, bestela ez daukagu indarrik”, diote gurasoek.