Bina idi parerekin aritu dira lehian Elosegi eta Lopategi, eta zaldibiarraren idiek 104 plaza, zinta bat eta 1,66 metro osatu dituzte.
Telleria eta Urrutia, Roman Elosegiren idiekin lanean, joan den ostiral gauean.
Roman Elosegi zaldibiarrak irabazi du joan den ostiralean Aiako probalekuan Iñaki Lopategiren (Birle, Bizkaia) aurka jokatutako idi apustua. Ez ohiko dema izan zen, idi zale bakoitza bina uztarrirekin lehiatu baitzen: idi zaharren pare bat, eta kintopeko –aurten plazan hasitako idiak– beste pare bat. Idi pare bakoitzak 30 minutuko lana osatu behar izan zuen, eta lanak bukatuta, Elosegiren bi idi pareek 104 plaza, zinta bat eta 1.66 metro egin zituzten, eta Lopategirenek 103 plaza, zinta bat eta 1,39 metro. 6.000 euro zeuden jokoan.
Plazara ateratzen lehenak Elosegiren
Bildu eta
Sortu idi zaharrak izan ziren, eta segidan Lopategiren zaharrak izan ziren, Sabardini erositakoak. Bigarren txandan, bizkaitarraren kintopekoek egin zuten tira aurrena, eta Elosegiren gazteekin bukatu zen desafioa. Zaldibiarraren idiekin Iñaxio Telleria eta Iñaki Urrutia aritu ziren itzain lanetan, eta Lopategirekin Luis Lopene eta Jagoba Tubilla. Bukaera estua izan zen, plaza eskas batengatik nagusitu baitziren Elosegiren uztarriak.