Zegaman 36ko gerran fusilatu eta errepresaliatu zituzten herritarrak gogoratu zituzten igandean. Zegamako jarduneko alkate Edurne Albizuk banan banan irakurri zituen izen guztiak udaletxean egin zuten ekitaldian. Garai hartako «injustiziazko egoerak» ikertu eta ezagutzera ematea erakundeen eginkizuna dela adierazi zuen. «Oroimenaren kutxan gaizki tolestutako hainbat gai daude, eta horiek argitzea guztion egitekoa da».
Oroimenaren kaxa hori txukuntzen hasteko lehen pausoa eman zuten igandean: Joxe Urbizu zegamarraren hezurrak herrian hilobiratu zituzten. 36ko gerran fusilatu zuten Urbizu, Altsasun (Nafarroa), hogei urte baino ez zituela. Egun batzuk lehenago Martin Urbizu, aita, fusilatu zuten faxistek, Etzegaraten lanean ziharduen sorotik eramanda. Bost egun beranduago hil zuten Joxe semea, aitaren gorpuaren bila joan zenean. 1936ko abuztuaren hasieran erail zituzten aita semeak, gerra hasi eta segituan.
Orain, 79 urteren bueltan, Joxe Urbizuren hezurrak Zegaman dira berriz. Urbasako El Raso leizean egindako indusketa lan batean aurkitu zituen Aranzadi elkarteak Urbizuren gorpuzkinak, beste bederatzi fusilaturen hezurrekin batera, 2013an. Iaz jakin zuten hezur horiek Urbizurenak zirela, proba genetikoak eginda. Igandeko ekitaldian hezurrak familiaren esku utzi zituen Aranzadik, eta familiak Zegamako Udalari eman zizkion.
Urbizuren ilobak eta beste hainbat senitarteko izan ziren igandeko ekitaldian, eta hunkituta agertu ziren. «Pozik gaude 79 urte eta gero Joxe aurkitu eta bere sorterrira ekarri dugulako», adierazi zuen Zigor Etxeburuak familia guztiaren izenean. «Gertatutakoak min handia eragin du gure familian, eta gaurko ekitaldiak balio du min hori baretzeko; duintasuna berreskuratu dugu».
Aitor Zabaleta senitartekoak, berriz, poema eder baten bidez eskertu zuen Urbizuren hezurrak herriratzeko egindako ahalegina: «[…] zu oroituz harro gaude oso, berriz ere Zegamako lurretan goxo, goxo eta eroso; ankerkeriz egin zizuten eraso, damutuko ziren akaso; Aizkorpeko haizearen gose, Arizti Erdi, Zegama eta Oltze, gaurtik aurrera jaioterrian hortxe, ongi etorri, bejondeizula osaba Joxe; […] jaso dugu osaba minez, minez baina maitasunez, mila esker guztioi sendi guztiaren partez».
Zegamako Udaleko ordezkariez eta Joxe Urbizuren senitartekoez gain, igandeko ekitaldian izan ziren Aranzadi elkarteko kideak, Martin Garitano jarduneko ahaldun nagusia eta Aintzane Ezenarro Memoriaren Institutuko zuzendaria ere. «Memoria berreskuratu behar dugu, hildakoek merezi dutelako eta garrantzitsua delako hurrengo batean halakorik berriro ez gertatzea», adierazi zuen Garitanok. Etorkizuneko Euskal Herria memorian oinarrituta eraiki behar dela esan zuen.
Hilerrian jarri dute txokoa
Behin udaletxeko ekitaldia amaituta, Zegamako hilerrira eraman zituzten Joxe Urbizuren hezurrak. Edurne Albizu alkateak eraman zuen hezurrak zituen kutxa, ikurrina batekin estalita. Ordiziako Txapel Gorri eta Zegamako Elkartu Nahi txirrindulari taldeek arkua egin zieten udaletxetik irtetzean. Txistulariak aurretik zituztela egin zuten hilerrirainoko bidea erakundeetako ordezkariek eta senitartekoek.
Oroimenaren Txokoa ere inauguratu zuten igandean Zegamako hilerrian. 36ko gerraren ondorioz hildako edo desagertutako zegamarren omenez jarri dute txoko hori. Plaka bat jarri dute bertan, hildako haien izenak gogoratzeko. Albizuren hitzetan, dena den, zerrenda hori irekia da eta beste izenen bat agertuko balitz zerrendari gehituko liokete. Izenen gainean, esaldi bat dago, hala dioena: Frankoren diktadurapeko biktimen justiziazko oroitzapena.
Urbizuren gorpuzkinak Memoriaren Txokoan hilobiratu zituzten. Ekitaldi hunkigarria izan zen. Senitartekoek aurreskua dantzatu zuten hezurrak zituen kutxaren aurrean, eta Orkatz abesbatzak Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak kanta abestu zuen, beste bat loturik den bitartean ez garela libre izango gogoratuz. Gero Agur jaunak ere abestu zuten, bertan ziren senitarteko eta beste guztiekin batera.
Ikurrina eta guzti sartu zuten Urbizuren hezurrak zituen kutxa Memoriaren Txokoan, eta ekitaldiari amaiera emateko bakoitzak krabelin gorri bat jarri zuen hilobiaren gainean, lorez estalita geratu zen arte. 79 urte desagertuta egon ondoren, Urbizuren gorpuzkinak Zegamako hilerrian izango dira hemendik aurrera, bere sorterrian, familiak hala nahi izan duelako.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.