Euskal Herriak bizi izan duen makroepaiketarik handienak bete-betean harrapatu zituen Mikel Korta eta Inma Berriozabal. Herri mugimenduetan eta politika arloan egindako lanarengatik atxilotu zituzten biak, ETAri laguntzea leporatuta. 18/98 sumarioan epaitu eta kartzela zigorra ezarri zieten. Iazko azaroan atera zen Korta Mansillako espetxetik (Leon, Espainia), 7 urte pasa eta gero. Berriozabalek berriz, 5 urte egin ditu A Lamako (Galizia) espetxean, hainbat gaixotasun larri izan arren. Duela hiru aste itzuli zen Zegamara.
Kartzelaldia utzi berritan, etxera itzultzea askok uste baino zailagoa dela aitortu dute biek; betiko bizimodura «kostata egokitzen» ari dela dio Berriozabalek. «Oraindik ere hango ordutegia dut, eta gauza askotan burua ere han daukat, nire kideak zertan ariko diren… Dolu moduko bat pasa behar da». Hala ere, oso pertsona baikorra dela dio: «Badakit segituan egokituko naizela. Hobeto sentitzen naiz, baina muga bat daukat, osasuna. Bestela, nire herri txikian mugitzeko ondo moldatzen naiz».
Zailtasun horien inguruan hitz egin du Kortak ere: «Gauza batzuk ezin dira bere osotasunean ulertu bizi izan ez badituzu. Haurdunaldiarekin gertatzen den bezala, gizonok ezingo dugu sekula erabat ulertu, bizi ezin dugulako». Hala gertatzen da kartzelarekin ere: «Topikoa dirudi, baina bertan egon arte ez dakizu benetan zer den».
Zazpi urtez espetxean bakarrik eta bere kasara bizi eta gero, zailena «etxeko oreka berreskuratzea» egiten zaio Ordizikoari. «Denbora horretan emazteak eta semeak beren bizimodua egin dute, eta hilero egonda ere, semea uztera behartu nindutenean 12 urte zituen, eta 19rekin elkartu gara berriro. Edonorentzat garrantzitsuak diren urte horiek galdu ditut, eta ez nuen ezagutzen semea».
Antzeko egoera bizi du Berriozabalek ere. «Mikeli entzun nionean kristoren deskantsua hartu nuen. Ni han nire etxeko andrea nintzen. Eta konturatzen zara etxera etorri eta ez dakizula gauzak non dauden. Eta normala da, han zauden bitartean bikotekideak ere bere bizimodua egiten du». Behin ateratakoan, «inguruak, lagunek… sekulako laguntza» ematen badute ere, halako noraez bat sentitzen dutela azaldu du Kortak: «ez dakizu nora jo». Zentzu horretan, Harrera Taldearen lana eskertu du: «Sekulakoa da, eta hortik pasa ez denak benetan ez daki zer nolako garrantzia duen».
Espetxealdia
Bere osasun arazoak direla medio, bereziki gogorra izan da Berriozabalen espetxealdia. Diabetesa, B hepatitisa, psoriasi artropatia, asma bronkial arina, hipertentsioa eta sinusitisa ditu. Berak zaindu behar izan du bere burua. «Oso zorrotza izan naiz eta ingurukoekin ‘0 tolerantzia’ izan dut. Han bi kide geunden, bi neska, eta egia da nire kideak ere asko lagundu didala». Gainontzean, espetxean jasotako atentzioa «desastre bat» izan dela dio. «Lau urtean ez naute neumologoarengana atera. Behin okerreko botikak eman eta takikardiekin pasa nuen gau osoa…».
Kortak hain egoera larririk pasa ez badu ere, garbi du «kartzelan gaixorik egotea gerta dakizukeen gauzarik okerrena» dela. Gaur egun, «bost edo sei preso daude gaixotasun larriekin, baina ez dute ezer egiten». Josu Uribetxeberria da azken adibidea; «harekin egin zutenak ez du izenik. Europa osoan ez dago beste gobernu bat mendeku jarrera hori duenik». Berriozabali ere, legeak eskubide hori aitortu arren, ez zioten zigorra arindu.
Gainontzeko euskal preso politikoek bezala, 18/98 auzikoek ere jasan dute dispertsioaren eragina. «Dispertsioak gu eramaten gaitu punta batera, baina baita gure familia eta lagunak ere bai», dio Berriozabalek. Horren atzean «helburu politiko garbi bat» dagoela uste du Kortak. «Presoaren bizi baldintzak muturreraino eramaten dituzte, presoa pertsona bezala deuseztatu eta ondorioz politikoki ere deusezteko». Hala ere, dispertsioa «politikoki gainditzea» lortu dela uste du, «ez dutelako haien helburua lortu: gu zatitzea. Baina fisikoki hor jarraitzen du dispertsioak, kostu handi batekin. Hor pertsonen hilketak egon dira; hilketak bai, nahita eragindako heriotzak direlako».
18/98 makrosumarioa
Azken hamarkadetan makina bat epaiketa politiko izan dira, baina 18/98 sumarioak inflexio puntu bat ezarri zuen, hura izan baitzen ‘dena da ETA’ tesiaren puntu gorena. Baltasar Garzon epaileak, herri mugimendutik sortutako hainbat proiektu, elkarte eta erakunderen kontra jo zuen, ETAren ingurukoak izatea leporatuta. Kortaren arabera, «oso ondo antolatutako zerbait» izan zen hura. Horregatik, epaiketa hura definitzeko prentsan «zirkua edo egoera kafkianoa bezalakoak irakurtzen nituenean, amorratu egiten nintzen. Hura ez baitzen zentzurik gabe egindako gauza bat».
Epaiketa haren jomuga ere garbia zen. «Zeinen kontra jo zuten? Gazteak, errelebo generazionala mozteko; herri mugimenduak, ezker abertzaleko proiektu guztiak auzolanetik sortu direlako; nazioartea, kanpoan gure bertsioa azaldu ahal ez izateko; komunikabideak, beraien pentsamendu bakarrari aurre egin eta beste bertsio bat ematen zutelako». Zentzu horretan, ‘dena da ETA’ tesia lehendik zetorrela azaldu du Kortak. «Garzoni ez diot ematen horren aitatasuna ere, ze Garzonek egin zuen bakarra izan zen Franco garaitik zetorren tesi polizial bati izaera juridikoa ematea».
«Epaiketa hura ez zen izan ‘zirku’ soil bat. Oso ondo antolatutako zerbait izan zen» Kepa Korta
«Ezin dugu ahaztu euskaldunez beteta daudela kartzelak. Haiek atera egin behar dira handik» Inma Berriozabal
Berriozabalek ere, «hasieratik garbi» zuen epaiketa hura nola bukatuko zen, zigortu egingo zituztela. «Jendeak esaten zuen ‘ez da posible’ edo ‘atzera egingo dute’, baina nik inoiz ez nuen sinistu libre geldituko ginenik. Lehen momentutik banekien gurea nola izango zen, eta banekien gurearekin ez zela bukatuko ere. Hauteskunde batzuen atzetik besteak datoz, eta Madrilgo alderdiek bazka behar dute, eta zein jateko hoberik euskaldunak baino».
Epaiketa «oso luzea» izan zela dute gogoan eta «fase ezberdinak» bizi izan zituzten; «konfrontazioa bete-betean, Loiolako elkarrizketen garaia, su-etena, haren amaiera… eta guk ez genuen inolako aldaketarik nabaritu epaiketan». Euskal Herritik babes handia jaso zuten. Kortaren ustez, «inoiz lortu gabe zegoen elkartasun maila lortu zen: legebiltzarraren sostengua, gehiengo politiko eta sindikalarena, gizartearena… Hori baino gehiago lortzea ia ezinezkoa da. Baina zein izan zen irakaspena? Halako elkartasun maila lortuta ere, ez genuela gaitasunik izan eraso hura gelditzeko». Horregatik, «elkartasunetik elkarlanera» salto egin behar zela uste du, baina eragile politiko batzuen aldetik, ez zuten jauzi hori ikusi.
Egungo egoera
Egun bizi duguna, «egoera berria baino gehiago, aukera berriz betetako egoera» dela dio Kortak. «Egoera bere orokortasunean ulertu behar da. Askapen prozesu batean gaude eta hori aurrera eramateko bidea eta moduak aztertu behar ditugu. Askatasuna behar dugu. Askatasuna pentsatzeko, iritzi propioak izateko, askatasunean eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko modua izatea».
Alderdi politikotik baino gehiago, «bihotzetik» hitz egin du Berriozabalek. «Politika egin eta aurrera pausoak eman behar dira, bai. Baina garbi dut gauza bat, presoak kartzeletako patioetan usteltzen uzten baditugu, Euskal Herria bera ere ustelduko da. Badakit politikoek beste lehentasun batzuk jarriko dituztela, baina Euskal Herriaren parte dira eta hemen egon behar dute. Ezin dugu ahaztu patio haiek euskaldunez beteta daudela. Eta haiek atera egin behar dira handik. Nola edo hala».