Eguraldi goibelari bizitasun handia eman zioten azokari bertan ikusitako produktu berriek, bitxikeriek eta laguntza ekintzek.
Lau kilo eta erdiko udaberriko aza eraman du Maria Jesus Mujikak azokara
Feria salmentaz haratago doan asteroko elkargunea dela askotan azpimarratu izan dugu, eta atzokoak ere adibide ugari eskaini zizkigun. Goienetxe fundaziokoek postua jarria zuten, hilero bezala. Aste honetan, ordea, bazen beste egitasmo bat ere: Nepaleko herriarekiko elkartasunean, Jakintza ikastolako ikasleena. DBHko 4. mailako 15-16 urteko gaztetxoek postua jarri zuten udaletxe aurrean, dirua biltzeko asmoarekin. Paula de Juanek eta Elena Zubiaurrek azaldu zutenez, «Mundua hobetzeko aktibitateak proiektuaren barnean zer egin pentsatzen ari ginela lurrikara hau izan zen. Honi heltzea pentsatu genuen. Ikasleen artean etxean zituzten jostailuak ekartzeko deia egin genuen eta gaur oso prezio txikitan salgai jarri ditugu».
Gainontzean, produktu berrien zerrenda ere oparoa izan da aste honetan. Lehen lekak ekarri zituzten, luzea edo parrakoa (6 euroan kiloa) eta motza (4,50). Piper eskaintza handitzen ari da astetik astera, eta orain artekoei Italiar gozoa gehitu zaie (4 euro/ Kg). Erremolatxa (1,20an sorta)
, luzokerra (0,80 bakoitza), perrexil heze edota apio sortak ere (0,50 bakoitza) salgai ziren.
Fruituei dagokionean, berriz, Aramako Arantxa Zurutuzaren mahaia dotore ageri zen, andere mahats, mugurdi, ahabi eta marrubi zuria zituela.
Patata eta baratxuri berria, tipula, uraza eta kuiatxoak, gero eta gehiago ageri dira. Aldiz, ilarra eta baba urritzen ari dira. Udaberriko ziza beste urtetan baino gutxiago dago, eta kanpoko zizahori, onddo eta marasmioek osatzen zuten eskaintza.
Lau kilo pasako aza
Atentzioa ematen zuen Baliarraingo Maria Jesus Mujikak ekarritako udaberriko aza erraldoiak. Lau kilo eta erdi pasa pisatzen zituen. Hala zioen Mujikak berak: «Gustura egon da nonbait, gertu eta momentu berean aldatutako beste batzuk txiki txikiak geratu dira».