Drag King tailerrak ematen ditu Josebe Iturriotz ordiziarrak. Emakumeak gizonez trabestitzen dira. Gizonezkoen itxura fisikoa hartzeaz gain, genero maskulinoaren kodeak antzezten dituzte, eta kalean esperimentatu.
Gaur egungo gizartean ezaguna da dagoeneko Drag Queen-aren irudia; ia edonork izan du emakumez trabestitutako gizonezkoen ikuskizunen bat ikusteko aukera, zuzenean ez bada telebistan. Ezezagunagoa da, ordea, Drag King-aren kontzeptua: neskak mutilez trabestitzea. «Maskulinitatearen parodia eginez maskulinitate hegemonikoaz barre egiteko modu bat da; umore puntua du, baina baita jabekuntza puntu handi bat ere»,dio Josebe Iturriotz transfeminista ordiziarrak.
Hain zuzen ere, Drag King tailerrak ematen ditu Iturriotzek. Alde teorikoa eta praktikoa izaten dituzte tailer horiek: hainbat teoria feminista azaltzen dira hasieran, eta gizonez trabestitzen dira amaieran. Hainbat ideia eta teoria lantzen dituzte, eta generoaren eta sexuaren arteko harremana birdefinitzen saiatzen dira.
Iturriotzen esanetan, generoa ez da naturala, errepresentatiboa baizik. Hau da, generoa kode jakin batzuek osatzen dute, eta kode horiek antzezten ditugu etengabe, jaiotzean diagnostikatu diguten sexuaren arabera.
Horrexegatik trabestitzen dira Drag Kingak: generoa antzeztu egiten dela erakusteko. «Generoa errepresentatiboa da, eta gorputzaren bidez errepresentatzen dugu nor garen», adierazi du Iturriotzek. 60ko hamarkadan dute jatorria performance-ek. Sexuaren eta generoaren arteko harremanaz hausnartzen zuten garai hartako artistek gorputzaren bidez, eta orduan sortu ziren Drag Queen eta Drag King kontzeptuak.
Sexuaren eta generoaren arteko harremanaz hausnartzeko aukera ematen dute, hortaz, Drag King tailerrek. Baina baita maskulinitatea esperimentatzeko aukera ere. «Emakume diagnostikatutako gorputzei» maskulinitatea ukatu egin zaiela adierazi du Iturriotzek, eta ondorioz gauza asko galarazi zaizkiela; gauez kalean lasai ibiltzea edo indarra erabiltzea.
Trabestitu eta kalera
Tailerrek, hortaz, alde teorikoaz gain alde praktikoa ere badute. Behin kontzeptuak barneratuta, gizonez trabestitzen dira. Eta ez dira gizonezkoen arropak janztera mugatzen. Titiak tapatzen dituzte eta pektoralak margotu. Bizarra ere jartzen dute, nork bere ilearen zati txiki txikiak moztu eta aurpegian itsatsita.
Luzeak izaten dira tailerrak, zortzi ordu ingurukoak, eta trabestitzeko prozesuak tarte handia hartzen du. Izan ere, serio hartzen dute itxura aldaketa. Bizarra itsasteaz gain, makilajearen bidez gizonen aurpegiko ezaugarriak irudikatzen dituzte. Eta zakila ere jartzen dute. «Kondoi bat betetzen dugu algodoiarekin, eta hori jartzen dugu», azaldu du Iturriotzek.
Hori guztia alde fisikoari dagokionean. Drag King bihurtzen direnean, ordea, fisikoaz harago doaz; gizonezkoen generoan barneratzea da helburua, genero horretako kodeak antzeztuz: hankak irekita ibili, espazio handia hartu… gutxika gizonezkoen jarrerak hartzen joaten dira, generoa antzerki hutsa dela konturatu arte. Bakoitzak pertsonaia bat ere asmatzen du: lanbidea, bikotea duen ala ez… paperean gehiago sartzeko.
Tailerraren zati garrantzitsuena, dena den, amaierakoa izaten da, trabestiturik kalera ateratzen direnekoa. «Generoa erlazioanala da, hau da, harremanetan oinarritzen da», azaldu du Iturriotzek. Horregatik da hain garrantzitsua trabestiturik kalera ateratzea, ikusteko generoak nola eragiten duen besteekin harremantzeko moduan.
Iturriotzen hitzetan, trabestitzean, hau da, beste generoko kodeak barneratzean, jendeak pertsona hori irakurtzeko modua ere aldatu egiten da. Eta horregatik aldatzen dira harremanak ere. «Trabestituta kalera ateratzean, neskak segituan konturatzen dira nola aldatzen diren gauzak gizon batentzat», adierazi du Iturriotzek. «Hor ikusten da gorputza ez dela bukatzen azalean».
Aldea nabarmena da
Genero maskulinoaren rolean sartuta, gauza asko aldatzen direla ohartzen dira tailerrean parte hartzen duten neskak. Esaterako, kalean lekua uzten dietela ikusten dute, baita tabernetan ere. «Gizonezkoek espazio fisiko gehiago hartzen dute», esan du Iturriotzek.
Jateko moduan ere badira aldeak. «Neskek aldiko kantitate txikia sartu behar dute ahoan, eta ahalik eta gutxien zikintzen saiatu». Begiradari dagokionean, berriz, neskek etengabe kontaktu bisuala bilatzen dutela esan du Iturriotzek, eta hitz egiten ari dena eroso sentitzeko ahaleginak egiten dituztela etengabe, entzuketa aktiboa eginez. «Gizonei, berriz, ez zaie inporta parekoa eroso sentitzea, eta ez dute kontaktu bisualik bilatzen».
Gauez kalera ateratzen badira, berriz, tabernetako «baboseoa» jasan beharrik ez dutela ohartzen dira, eta kalean beldurrik gabe ibiltzea zer den bizitzen dute euren azalean. Bestalde, Iturriotzen esanetan «oso dibertigarria» izaten da genero bakoitzeko pertsonek nola ligatzen duten behatzea. «Neskek jarrera pasiboa izaten dute, eta mutilek aktiboa».
Jarrerak, esperimentu
Trabestiturik kalera ateratzean, jokamolde guzti horiek esperimentatzeko aukera izaten dute tailerreko partaideek. Gehienentzat bizitzako aukera bakarretakoa. Izan ere, Iturriotzen arabera, inauterietan, esaterako, oso ohikoa izaten da gizonezkoak emakumez jantzita ikustea, genero femeninoan barneratuta eta emakumezkoen jokamoldeak imitatuz. Emakumeak gizonez jantzita ikustea, ordea, ez da hain ohikoa.
Tailer hauetan horretarako aukera ematen zaie. Genero maskulinoaren kodeak antzezten dituzte, eta kode horiek antzeztuta jendeak nola irakurtzen dituzten esperimentatzen dute euren azalean. Horrelako tailer batean parte hartzea «esperientzia potentea» dela dio Iturriotzek, eta «oso oso dibertigarria».