Zaldibiako Iztueta dantza taldeak 25 urte bete ditu. Dantzari izandako 65 bat taldekide ohi elkartuko dira larunbatean, saioa egiteko. Gaur egun zazpi talde ditu, bat helduena
2002ko Dantzari Txiki egunean, Juan Inazio Iztueta zaldibiarraren (1769-1845) jaiotetxearen aurrean
Zaldibiako dantza tradizio luze eta ospetsuan, 25 urteko historia bete du Iztueta Dantza Taldeak. 1990ean sortu zuten, aurreko bi urteetan emandako ikastaroek arrakasta izan ondoren; 80 bat ume ibili ziren. Aurten, mende laurdena ospatzeko, 25. Dantzari Txiki Eguna —sorrera urtean berean hasi ziren—, eta maiatzaren 9an gaur egun dantzan dabiltzan 12 urtetik gorako dantzarien saioa egin dituzte.
Hirugarren hitzordua larunbatean izango da, 19:00etatik aurrera, Resti pilotalekuan. Taldean dantzari izandako kide ohiak elkartuko dira, 65 bat lagun. Adinka berrosatu dituzte nesken taldeak. Mutil talde bat ere osatu dute. Txanbolinteroak taldeak joko die musika, txistulari beteranoek ere ospakizunean parte hartuko dute eta.
«Giroa ona izango da. Dantzari ohiek oso gustura hartu dute gonbita. Aurrerantzean ere jarraitzeko asmoa agertu dute», azaldu du Iztuetaren batzordeko Marijo Garmendiak. Etzi ariko direnen artean, dantzari gazteenak 20 bat urte ditu, eta zaharrenak 40 inguru. «Urte askoan dantzarik egin gabe daude, baina entseguetan saiatu dira».
Ordu eta laurdeneko dantza erakustaldia antolatu dute. Gero, partaide guztiek afaria dute Zaldibiako elkarte batean.
Tradiziotik modernitatera
Euskal dantza tradizionalak lantzea eta dantzatuz gozatzea ditu Iztueta taldeak helburu, sorburutik. 1976an desegin zen ordu arteko dantza taldea, eta 14 urte geroago, hutsunea bete zuen, Idoia Zoilo irakaslearekin. 2000n zuzendaritza batzorde bat eratu zuten lau amak eta irakasleak. Orain hamar lagun dira: bost kide eta bost irakasle. Hasieran, 12 urte arte aritzen ziren dantzariak, Dantzari Txikien adin muga, gutxi gora-behera. Jarraipiderik ez zeukatela eta, helduen taldea sortu zuten dantzari nerabeekin. Ibarrako Alurr dantza eskolatik irakasle profesional bat ekarri zuten horientzat. Gainerako erakusleak, Iztuetako dantzariak beraiek dira.
Helduen taldeak beste dimentsio bat eman dio Iztuetari. Haurren ekintza soil izateari utzi, eta «bultzada» handia eman die dantzari eta taldeari, Maite Irazustabarrena kideak dioenez. Koreografia berriak sortzen ari dira. Gabezia, mutil falta dute.
Guztira 62 dantzari
Gaur egun, 5 urtetik 20ra arteko 62 dantzarik osatzen dute Iztueta. «Oso ondo dago kopurua, Zaldibia baterako», diote. Bost irakasle ari dira, eta 11 txistulari. Partaidetza eta baliabide ugaritasun hori herri eta talde askoren «inbidia» suertatzen da.
Dantzari ohiek erakutsiko dute, etzi, Iztuetaren historia.