Josema Azpeitia eta Ritxar Tolosa legazpiarrek ‘La senda del pintxo’ liburuarekin lortu dute bigarren saria mundu mailako lehiaketan. Sari banaketa ekitaldia Txinan izan da
Ritxar Tolosa eta Josema Azpeitia (lehenengoa eta hirugarrena), Txinan, Gourmand Cookbook Awards sarietan, Mikel Garaizabalekin
Josema Azpeitia eta Ritxar Tolosa legazpiarrek bigarren saria lortu dute Gourmand Cookbook Awards sukaldaritza liburuen munduko lehiaketan, Culinary Travel (bidaia gastronomikoak) atalean. Azpeitiak eta Tolosak euren argitaletxeak argitaratutako La senda del pintxo liburuarekin lortu dute saria. Liburu hau Donostiako pintxo tabernei buruzkoa da. Aurki ingelesezko bertsioaren bigarren edizioa eta frantsesezkoaren lehenengoa argitaratuko dituzte.
Sari banaketa ekitaldia Txinako Yantai hirian izan da. Azpeitia eta Tolosa ostiralean joan ziren Txinara eta gaur itzuliko dira. Oso pozik daude, noski. «Ez genuen irabazteko itxaropen handirik, baina bai ilusioa. Hona etortzea nahikoa sari zen jada guretzat. Basquetour eta Euskadi Gastronomikari eskerrak eman behar dizkiegu, beraien laguntzari esker etorri baikara», esan du Azpeitiak.
Badaezpada ere, hitzaldia prestatu zuen, ingelesez. «Pintxoak jatea Euskal Herriko ekintza gastronomiko nagusietako bat dela eta euskaldunok ia egunero pintxoren bat jaten dugula esan behar nien. Eta Euskal Herrira etortzera gonbidatu behar nituen, noski». Ez dute oholtzara igotzeko aukerarik izan, baina Txinan eman dituzten egunetan antolatzaileek prestatutako ekitaldietan parte hartu dute eta bertako sukaldaritza hobeto ezagutzen saiatu dira. «Lehiaketa honen inguruko programak astebeteko iraupena du. Gastronomiaren inguruko ekitaldi asko antolatzen dituzte: sari banaketak, hitzaldiak, erakusketak…».
Legazpiarrak arratsaldeko ekitaldietara joan dira eta goizak Yantai ezagutzen eman dituzte. «Kaleko postuak, merkatuak… bisitatu ditugu. Duela zortzi urte ere Txinan egon nintzen eta hiri asko bisitatu nituen, baina Euskal Herrian herrialde batetik bestera aldea badago, pentsa Txinan…».
Hala, orain arte probatu gabeko jakiak jateko aukera eduki dute. Ez diote ezeri muzin egin. «Ahate burua, arrak, labezomorro brotxeta… jan ditugu. Baita txilibitu forma duen izaki bat ere. Zakil arraina deitzen diote, hain zuzen ere. Jaki arruntagoak ere jan ditugu, noski». Txinako jatetxeetan jaten dena eta Euskal Herriko txinatar jatetxeetan zerbitzatzen dutena oso ezberdinak direla esan du. «Hemengo janaria oso pikantea da. Hango txinatar jatetxeak gure gure gustuetan oinarritzen dira. Txinan, ordea, ezagutzen ez ditugun milaka saltsa, espezia eta barazki dituzte».
Horietako asko probatzeaz gain, etxera bigarren saria ekarri dute eta, garrantzitsuagoa dena, La senda del pintxo liburuaren edizio berrietan Best of the world (munduko onena) zigilua jarri ahal izango dute. «Gure lana ezagutzera ematen eta saltzen lagunduko digu. Azken finean, argitaletxe baten helburua saltzea da. Uztailean liburuaren ingelesezko bertsioaren bigarren edizioa argitaratuko dugu eta frantsesezko lehenengoa aurkeztuko dugu. Ingelesezkoa Elkarren webgunearen bitartez saldu dugu, batez ere. Frantsesezkoa Bordelen aurkeztuko dugu».
Elkarrentzat lanean
Horretaz gain, Azpeitia Donostiako pintxoei buruzko beste liburu bat prestatzen ari da Elkar argitaletxearentzat. 25 pintxo taberna aukeratu ditu: aitzindariak, joan zen mendeko azken hamarkadetan pintxoen mundua berritu zutenak, mende honetako lehen hamarkadan zeresana eman dutenak eta hasi berriak. Gainera, auzoetako bost taberna ezkutu ezagutzera emango ditu. Liburua euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez kaleratuko dute, abenduan.