Ordiziako EH Bilduk elkarlanerako bideak ireki nahi ditu
Hauteskundeen emaitzen gainean egin duten balorazioa eta azken hiru asteetan hainbat eragilerekin landutako proposamenen berri eman du Ordiziako EH Bilduk ohar bidez. “Lau urteotan lan handia egin dugu, baina hartu ditugun erabaki guztiak ez dira denen gustukoak izan, eta egindakoaren berri ematen ere ez dugu asmatu”, diote. Hala, hurrengo lau urteetan lehendik oker egindakoak zuzenduko dituztela diote.
Emaitzek “udalbatza berria” aukeratu dutela-eta, EH Bilduk dio indar oreka ezberdinekin “aldaketa politiko eta sozialaren alde” ari direnek gehiengoa dutela. Hala, “herritarren beharrei erantzuna emango dien” udal gobernu bat osatzeko “elkarlanerako bideak ireki nahi dituzte”. Horretarako hainbat puntutan oinarritzen den akordio proposamena luzatu diete alderdi guztiei.
Hondakinen gainean, herritarrekin prozesu bat abiatzeko konpromisoa hartu dute; %70eko birziklapen tasa bermatzen duten beste aukera batzuei ateak irekiz. Prozesuaren amaieran hondakinen kudeaketari buruzko herri galdeketa agindu dute. Etxe kaleratzeak dituzten familiei laguntza zuzena emateko ere konpromezua erakutsi du EH Bilduk, zerbitzu publikoak Udalean mantentzeko konpromezua eta kontratazio publikoak berrikusi eta egokitzea. Kontratu berri guztietan gizarte klausulak txertatzea, udalaren baitan dauden erakunde eta enpresetako langileen lan-baldintzak defentdatzea eta Madrilgo zein Gasteizko gobernuak ezartzen dituzten murrizketak gainditzeko neurriak sustatuko dituztela ere ziurtatu dute.
Udal kudeketa ereduari dagokionez, alkatetza dekretuak udalaren funtzionamendu egokirako bakarirk erabiliko direla diote. Era berean, soilik bide eta bitarteko politiko, baketsu eta demokratikoekin jarduteko “konpromiso tinkoa” dutela diote. Bakea eta askatasunean oinarrituz, biktima guztien aitortza lantzeko neurriak hartuko dituzte; “Ordiziatik eta Ordiziarentzat” egingo dute lan, eta herritarrek erabakitzeko eskubidea esparru guztietan izango dutela diote.
Larunbatean, 12:00etan egingo da udalbatza berria osatzeko osoko bilkura.