Zeraingo EH Bilduk herritarren esku utziko ditu 7 zinegotzietatik 3
Udal hauteskundeen ondoren sortutako egoera dela eta, Zeraingo EH Bilduk udal eraketari begira hartuko duen jarrera argitu nahi izan du. Aurkeztu zen zerrenda bakarra izaki, zazpi zinegotzi dagozkio EH Bilduri, baina horietatik 4 bakarrik hartzea erabaki dute, “udala osatu ahal izateko gutxieneko zinegotzi kopurua”. Horrela, “aukera bat irekita” utzi nahi dute, gaia herritarrekin landu eta “ondoren 7ko taldea osatzeko”.
Larunbat eguerdian osatuko da Zeraingo udalbatza berria. Horren aurrean, ezohiko egoera gertatu da Zerainen, Herri Kandidaturak hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki eta gero. EH Bilduk azaldu duenez, “begi bistakoa da gure herrian badugula arazo bat”. Hala, une honetan “herrian tentsioa” dagoela eta “herritar batzuk haserretuta” daudela azaldu dute, eta egoera hori, “familietan eta herritarren arteko elkarbizitzan eragiten” ari dela. Eta horrek, “Zeraini eta zeraindar guztioi kalte” egiten diela azaldu dute.
Arazo horren atzean, “Zerain kudeatzeko moduaz bi herri ikuspegi” daudela diote; “zein baino zein legitimoagoak, baina tamalez, bi ikuspegi horiek ez dira ordezkatuak egongo”. Hauteskundeetara ez aurkezteak ordezkaririk gabe gelditzea badakar ere, “EH Bilduk argi du udal batzar berrian guztiok izan behar dugula aukera, tokia eta ordezkaritza izateko”.
Informazio gehiago, bihar, Goierriko Hitzan