Gehiengoen aritmetika
Ezusteko eta aldaketa ugari eragin dute maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeek. Zenbait herritan garbi gelditu dira gehiengoak, eta baita udalaren osaketa ...
Ezusteko eta aldaketa ugari eragin dute maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeek. Zenbait herritan garbi gelditu dira gehiengoak, eta baita udalaren osaketa nolakoa izango den ere. Beste batzuetan, ordea, zenbakiek eta aritmetikak aukera bat baino gehiago erakusten dute. Alderdiek hiru aste izan dituzte elkarren artean hitz egin eta adostasunetara iristeko. Larunbat honetan ikusiko da, udal osaketarako osoko bilkuretan sukalde lan horiek zein fruitu ematen duten.
Goierriko sei herririk hazienak dira aldaketarako eta joku politikorako tarte gehien ematen dutenak. Horietatik hirutan, gehiengo osoarekin aginduko du hauteskundeak irabazi dituen alderdiak: Zumarragaren kasuan PSE-EEk; eta Lazkaon eta Beasainen, EAJk. Legazpin, Ordizian eta Urretxun berriz, EAJk eta EH Bilduk bosna zinegotzi dituzte, jeltzaleek boto gehiago dituzte bietan. Ikusteko dagoena da ordezkaritza lortzen duten gainontzeko alderdiek nor babestuko dute.
Akordio horiei begira, zeresan handia izango du EAJk eta PSE-EEk duten elkarlanerako akordioak. Gobernagarritasuna errazteko eta «egonkortasuna» bermatzeko asmoarekin, elkar babestea adostu dute bi alderdiek; horretarako, koalizio gobernuen formula proposatu dute; hala ere, Goierriri dagokionez ikusteko dago babes hori alkatearen inbestidurara mugatuko den ala sozialistek udal gobernuetan parte hartuko ote duten.
Legazpi eta Urretxu
Oso antzeko egoera bizi dute bi herrietan. EH Bildu agintean egotetik, hauteskundeetan zerrendarik bozkatuena EAJ izatera pasa dira bietan. Zinegotzi kopuruan, hala ere, berdinduta daude, bosna ordezkarirekin. PSE-EEk bina zinegotzi ditu bi herriotan, eta Irabazik bana. Matematikek erakusten dute ordea gehiengoen osaketa.
EAJ eta PSEren akordioari esker, babesa izango dute jeltzaleek. PSEk dio, ordea, hitzarmenarena ez dela EAJk «erasoago» goberna dezan hartutako erabakia. «Guk gure ekarpenak egingo ditugu, hainbat neurri eta baldintza bete beharko dira», diote.
Irabazi ere oposiziotik «lan polita» egiteko prest dago herri hauetan. Alberto Bezunartea Legazpiko Irabaziren ordezkariak Goiberriri azaldutakoaren arabera EAJrekin bildu dira egun hauetan eta akordio puntuletarako prest egingo diren arren, oposizioan egongo dira.
Zalantza, Ordizian
Ordizian ere antzeko egoeran egon arren (EAJk eta EH Bilduk bosna zinegotzi dituzte), aukera gehiago daude alderdien arteko balizko akordioei begira. Izan ere, EAJren eta PSEren arteko elkarlanak 6 zinegotzi izango lituzke. Zalantza izan dena da EH Bilduk eta 2 zinegotzi lortu dituen Ordizia Orainek adostasunen bat lortuko duten.
PSE-EEk zer joera hartuko duen jakina izanda, orain begi guztiak Ordizia Orain talde berriari begira daude. Mila Sukia zerrendaburuak azaldu duenez, «bilerak izan dira eta denekin egon gara, EAJrekin, EH Bildurekin eta PSErekin». Hala ere, momentuz «informazioa jasotzeko bilerak» izan direla dio; orain bilera horietan jasotakoa «Ordiziako zirkulura eramango dugu eta han erabakiko dugu zer egin». Zentzu horretan, «erabakia Ordizian» hartuko dutela zehaztu du, eta haien bilerak irekiak direla; «gure kide eta jarraitzaileak edota hauteskunde hauetan botoa eman diguten herritarrak ere etor daitezke, denen iritzia jaso eta denen artean erabaki» nahi dutelako. Sukiaren arabera, Ordizia Orainekez du «gobernu batean sartzeko anbiziorik»; horren ordez, lortu nahi dutena «udalak kudeatzeko modua aldatzea» da, alderdietan oinarritutako sistemarekin bukatu eta «bizilagunak kudeaketa horretan sartu. Hori da gure helburu nagusia».
Bere aldetik, Igor Egurenek «hauteskundeak EAJk irabazi» zituela azaldu zuen bozen biharamunean, eta horrenbestez, gobernua osatzeko garaian, «lidergoa hartzea beraiei» dagokiela. Hala ere, «alderdi guztien artean elkarrizketak» izango zirela aurreratu zuen, eta ez zuen beste alderdiren batekin akordioren bat lortzeko aukerarik baztertu.
Hondakinak, gako
Udaletan ez ezik, beste makina bat erakunde ere osatuko dira datozen aste eta hilabeteetan. Gipuzkoako Batzar Nagusiak hil honen bigarren hamabostaldian osatu beharko dira. Markel Olano izango da ahaldun nagusi; uztailaren 2a baino lehen hartu behearko du kargua. Gipuzkoako erakundean ere izango da EAJren eta PSEren arteko gobernagarritasun akordioa. Hala, EAJren 19 batzarkideak eta PSEren 9ak batuta, gehiengo osoarekin gobernatu ahal izango dute.
Bai Gipuzkoan eta bai Goierrin, azken lau urteetan eta kanpainan bertan zeresan handia eman duen gaia izan da hondakinena. Hori dela eta, interes puntu garrantzitsuetako bat izango da Sasieta Mankomunitatea. Azken legealdian, sei herri nagusietatik bost EH Bilduk zuzendutakoak ziren, eta haiek hartu zuten mankomunitatearen gidaritza ere. Orain ordea, udalen kolore politikoa aldatzeak, Sasietaren norabidean ere aldaketak ekar ditzake.
Zentzu horretan, Markel Olanok ia esana du erraustegia egiteko proiektua berreskuratuko dutela. Goierriko EAJko ordezkariak atez atekoarekin agertu izan duten jarrera ikusita, ikusteko dago zer gertatuko den orain. Balizko erraustegia egin bitartean, zabortegiaren egoerari zein konponbide emango dioten ere ikusteko dago.
Alor ekonomikoan ere etorriko dira aldaketak. Izan ere, EH Bilduren legealdi honetako ikurretako bat izan den Aberastasunaren Gaineko Zerga atzera botako duela iragarri du EAJk. Olanoren hitzetan, zerga honek «ekonomia eta lanpostuak sendotzeko etekinak berriz inbertitu nahi dituztenei kalte» egiten die.
Ekonomiaren eta enpresen alorrean jarraituz, Goieki eta Uggasa garapen agentzien osaketa ere aldatu egingo da, udal osaketa berriaren ondoren. Orain arteko txandatze sistema jarraituz gero, Goiekiko lehendakaritza Lazkaoko alkateak izango du, eta Uggasakoa Legazpikoak.