Gorka Azkarate, Aratz Igartzabal, Gemma Urteaga, Amaia Iturriotz, Aitor Irastortza eta Antton Fernandez dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkatu direnak
Zaldibian egin zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren kanporaketetako bat
Joan den larunbatean bukatu zen Ataunen Gipuzkoa Bertsotan sailkatze fasea. Maiatzaren 9an hasita, 24 saio egin dira hilabetez –Zaldibian eta Idiazabalen ere kanporaketak izan dira–, eta dagoeneko ezagutu dira zein 30 bertsolarik lortu duen irailaren 20an hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aritzeko txartela. Horiek guztiek duela lau urteko txapelketan sailkatze zuzena lortu zuten 13 bertsolarirekin bat egingo dute.
Denera Goierriko 17 bertsolari aritu dira lehian, eta seik lortu dute sailkapena: Gorka Azkarate, Amaia Iturriotz eta Antton Fernandez urretxuarrek, Aratz Igartzabal gabiriarrak, Gemma Urteaga beasaindarrak eta Aitor Irastortza zaldibiarrak. Azkarate da denen artean puntu gehien pilatu duena, baita beteranoena ere. Laugarren aldiz parte hartu dut sailkatze fasean, eta 2011n bezala, txapelketarako sailkatu da. «Ilusioz hartu dut. Urtarriletik aritu gara lanean, eta horren emaitza ere bada. Txapelketa lau urtean behin izaten denez, hobetzeko erronka izaten dugu».
Gazteak indarrean
Aratz Igartzabal «gustura» dago sailkatze fasean egindako lanarekin. «Irailekoa beste kontu bat izango da, baina galtzera ez gara joango. Lehen aldia izateko ikaragarri gustura nago».
Ildo berean hitz egin du Gemma Urteagak. Odei Lopezekin eta Julen Agirrerekin aritu da entrenatzen: «Helburua nire lanarekin gustura gelditzea zen, sailkapena ez baita norberaren esku bakarrik egoten. Sailkapena lortuta, neguan egindako lan berarekin segituko dut udan».
Sailkapena «pozik» hartu du Amaia Iturriotzek. Neguan ez da bertsotan asko aritu, eta ez sailkatzeak «galera handirik ez» liokeela ekarriko esan du. «Udan bertsotan aritzeko eta elkartzeko aitzakia emango dit».
Aitor Irastortza ere «gustura» dago sailkapenarekin, eta udan bertsotan aritzeko «motibazioa» emango diola uste du. «Saiatuko gara beste ligan dauden bertsolariei laguntzen, oztopo ez izaten eta gure buruarekin konforme gelditzen».
Fernandez 30. postuan
Antton Fernandezek «neurri batean ezustean» hartu du sailkapena. «Pozik» dago, eta txapelketara «disfrutatzera» joango da.
Sarriegi eta Zubeldia ez dira txapelketan ariko
Aitor Sarriegi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren 2011ko txapeldunak ez du aurtengo txapelketan parte hartuko. «Atseden hartzea erabaki dut. Hogei urte dira lehen aldiz parte hartu nuenetik, eta ez neukan gogorik bi urtean behingo zurrunbilo horretan sartzeko», adierazi du beasaindarrak. Aurtengo txapelketa «beste alderdi batetik» biziko du, eta «zorte ona» opatu die sailkatu diren goierritarrei. «Ea txapela Goierrira ekartzen duten». Lehian izango ez den beste bertsolari bat Iker Zubeldia Txapi zegamarra da.