Saroi Jauregi: "Aurrelanak ondo eginda hasi ginen, eta dena primeran joan da"
Joan den larunbatean bukatu zen Ataunen Gipuzkoa Bertsotan sailkatze fasea. Maiatzaren 9an hasita, 24 saio egin dira hilabetez –Zaldibian eta Idiazabalen ere kanporaketak izan dira–, eta dagoeneko ezagutu dira zein 30 bertsolarik lortu duen irailaren 20an hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aritzeko txartela. Denera Goierriko 17 bertsolari aritu dira lehian, eta seik lortu dute sailkapena: Gorka Azkarate, Amaia Iturriotz eta Antton Fernandez urretxuarrek, Aratz Igartzabal gabiriarrak, Gemma Urteaga beasaindarrak eta Aitor Irastortza zaldibiarrak.
Sailkatze fasea bukatu da asteburuan, eta dagoeneko ezagutzen dira 30 sailkatuen izenak. Zein da egiten duzun balorazio orokorra?
Elkarte gisa ez dugu egin oraindik balorazio ofizialik, eta ez dauzkat datu guztiak, baina esango nuke oso ondo joan dela fase osoa. Hilabetean 24 saio egitea ez da lan makala, baina aurrelanak ondo eginda hasi ginen, eta dena primeran joan da.
Orain lau urte bezala, sailkapen fasea areto txikietan egin duzue. Lortu al duzue herrietan bertso munduan dabilen jendea aktibatzea?
Sailkapen fasearen helburuetako bat, noski, udazkenerako galbahea pasatzea zen, baina, horrekin batera, bazuen beste helburu bat ere: Gipuzkoako bertso-mugimenduaren isla izatea, eta mugimendu hori are gehiago aktibatzea. Haiek gabe ezin izango genukeen hau dena antolatu. Aurten, epaile taldea, adibidez, asko berritu da, eta gai-jartzaileen artera ere inguratu da jende berria. Hori bada zerbaiten seinale. Jendea lanerako prest agertzen da, eta guk, alde batetik, prestasun hori aprobetxatzen dugu, eta, bestetik, jendeari aukera ematen diogu gustuko duen lan hori egiteko.
Bertsoaldien mailaz eta bertsozaleen erantzunaz zer nabarmenduko zenuke?
Bertsoaldietan denetik egon da. Entzun ditugu bertsoaldi bikainak, eta izan da baten bat bertsoren bat nola edo hala bukatu duenik. Dena den, oro har, esango nuke saio entzungarriak osatu dituztela bertsolariek, eta aho-zapore gozoz irten direla entzuleak saioetatik.
Adin eta eskarmentu ezberdineko bertsolariak elkartu dira oholtzan. Zer adierazten du horrek, harrobia badagoela?
Noski. Gipuzkoan bertsolaritzaren harrobia oso sendo dago. 74 bertsolariko kopurua harro egoteko modukoa da gero! Eta horietako asko oso gazteak dira gainera. Oholtza partekatzen ikusi ditugu 40 urteko langa igarotako bertsolariak eta 18 urte bete berriak dituztenak, eta hori ezin aberasgarriagoa da. Eta ez hori bakarrik, horietako asko elkarrekin entrenatu dira lehiarako.
Sailkapenean sorpresaren bat egon al da zure iritziz?
Sorpresak beti daude. Kantatu duten bertsolarietako batzuk izenez baino ez nituen ezagutzen, eta aitortu behar dizut baten baten bertsoak josteko moduak harrituta utzi nauela. Kontrakoa ere gertatzen da; ustez maila hobea emango zuen norbaitek egun txarra izatea. Hauxe da txapelketa.
Goierritik 17 bertsolari aurkeztu ziren, eta seik lortu dute aurrera egiteko txartela.
Ikusita 74tik 30 sailkatu direla , hortxe nonbait ibili dira goierritarrak, bat gora bat behera. Sailkatu direnak ikusita, ez dut zalantzarik udazkenean ere paper txukuna egingo dutela.
Txapelketa irailaren 20an abiatuko da. Zerbait aurreratzerik?
Udazkena interesgarri etorriko dela bertsozaleontzat, eta bete-betea izango dugula egutegia. Irailean emango ditugu xehetasun gehiago, baina aurreratu dezaket goierritarrok ez dugula oso urruti joan beharko saio bat edo beste entzutera.