Fotoetxekoek erakusketa ireki dute Lizarrustiko parketxean
Beasaingo Fotoetxe argazki-dendakoek paisaia argazki erakusketa ireki dute Lizarrustiko parketxean. Bertan, urtaro guztietako irudiak ikus daitezke. Besteak beste, Urbasan, Gorbean eta Aralarren ateratako argazkiak jarri dituzte. Hilabete inguru egongo dira bertan.
Argazkiak Lake Oiarbide eta Joxe Mari Telleriarenak dira. «Joxe Ramon Agirre Marron dendara etorri zen, gure argazkiak gustatu zitzaizkion eta parketxean erakusketa egitea proposatu zigun», azaldu du Telleriak. Argazkiak larunbatean jarri zituzten eta erakusketa igandean ireki zuten. «Parketxean erakusketentzat duten tokia oso aproposa da, argia oso ona baita, eta bertan elkartu zen jendeari asko gustatzu zitzaizkion argazkiak», gehitu du.
Fotoetxekoek estudioan lan asko egiten dute eta noizean behin aire librean aritzea eskertzen dute. «Egia esan, paisaia argazkiak ateratzea oso lan polita da», amaitu du idiazabaldarrak.