Ikuskizunetan animaliak erabiltzea salatu dute Ordizian, zirkoaren aurrean
Askekintza elkarteak animalien defentsaren aldarria egin du, gaur arratsaldean, Ordizian. San Bartolomeko zabalgunean jarri duten zirkoaren aurrean elkarretaratzea egin dute, 20 bat lagunek. Edozein motatako ikuskizunetan animaliak erabiltzea gaitzetsi dute, Zirkoa bai, animaliarik gabe zioen pankarta batekin. Zirkoak gaur zuen Ordizian azkeneko emanaldia, larunbateko eta igandeko saioen ondoren; sarrera garaian kokatu dira protestariak, animaliadun ikuskizunerako sarrera erostea abereentzat “sufrimendua” dela gogoraraziz.
“Animaliak objektu gisa erabiltzearen aurka gaude. Berdin da zer tratu ematen zaien. Bizitza daukate, eta ez dugu onartzen ikuskizunetarako erabiltzea”, azaldu du Askekintzako kide batek. Zirkoan “txakur pare bat, usoak eta papagai bat” dituztela aipatu du. “Zirkuaren bizimodua ibiltaria da, eta hori ez da onuragarria animalientzat. Gainera, pentsatzen dugu kaioletan edukiko dituztela”.
Tratu txarren berririk ez dutela ere gaineratu du, baizik animalien erabilera bera deitoratzen dutela. Askekintza elkarte “aniespezista” dela gaineratu du. “Alternatiba” animaliarik gabeko zirkoa da elkarte horren iritziz. Animaliadun zirkoak herrialde askotan “debekatuta” daudela dio banatu duten esku-orri batean, “Alemanian, Suitzan, Suedian, Kanadan, Indian, Danimarkan, Erresuma Batuan zein Katalunian, adibidez”.