Saltoki Lagunkoia egitasmora batu diren saltokiek zein tabernek 'Lagunkoia' zigilua lortu dute

Lehen emaitzak eman ditu Ordiziako Udalak Matia Institutuarekin batera dendak eta tabernak gune lagunkoiak izateko martxan jarritako Saltoki Lagunkoia egitasmoak. Ordiziako hamabi saltoki eta D´Elikatuz zentroa
Lagunkoiak bihurtu dira, hau da, adineko pertsonei nahiz ezinduei erosketa esperientzia erosoagoa eta erakargarriagoa egitea lortu dute.
Ordiziako Udalak Euskadi Lagunkoia programara atxikituta dago. Goierrin Zumarragak ere eman du urrats hori. 2013an egin zuten atxikimendua. Programaren helburua adinekoei zein ezinduei herriaren eguneroko jardunera erraz batu daitezen laguntzea da.
Programaren baitako Saltoki Lagunkoia egitasmoa errealitatea da dagoeneko Ordizian. Hamabi saltoki eta D´Elikatuz zentroa ari dira adinekoei zein ezinduei harrera hobea egiteko praktika onak burutzen. Ekimen hau iazko abenduan aurkeztu zen D´Elikatuzen.
Matia Institutuaren laguntzarekin adinekoen zein ezinduen beharrak zeintzuk diren aztertu eta saltokiak lagunkoiagoak egiteko jarraibideak eman dizkiete merkatariei. Kostu baxuko edo kosturik gabeko aldaketak izan dira eta merkatariek nahiz bezeroek oso harrera ona egin diete. Matia Insitututuak emandako jarraibideak martxan dira eta aurki saltoki lagunkoiak direla egiaztatzen duen zigilua jarriko dute.
Aulkia eta Garagunea
Praktika on horiek dira, besteak beste, saltokietako argiteria hobetzea, erosketak etxera eramateko aukera ematea, material grafikoaren letra mota eta neurria egokitzea, komunaren erabilera, saltokira sarbidea, atsedenerako aulkia, bista nekatuarentzat betaurrekoak eta erosketa eskaerak telefonoz egiteko aukera ematea. Praktika hauen bidez adinekoei arreta berezia ematen zaie eta adinekoek, aldi berean, saltokiek eskaintzen dieten arreta berezi horri leialtasunarekin erantzuten diote.
Saltokiak lagunkoiak egin dituen elementu horien artean dagoen aulkia egitasmoaren baitako ezinbesteko objektu bilakatu da. Aulkia beharren arabera bezeroek erabiltzeko prest egongo da. Ordiziako Garaguneak proiektuarekin bat egin du azken fasean eta aulkientzat prestatu diren kuxinen banaketaren ardura bere gain hartu du. Garaguneren lankidetzak merkatari, bezero eta Garagunearen erabiltzaileen arteko harremana sendotzen lagundu du; esate baterako, tapoi bilketari eta bestelako elkarlanei jarraipena ematen lagundu die.
Urrian proiektuaren bigarren ekitaldia martxan jarriko da eta D´Elikatuz zentroaren zein Ordiziako hamabi saltokiren eredua jarraituz hainbat merkatarik proiektuarekin bat egiteko gogoa azaldu dute dagoeneko.