Goierriko sei herri nagusietatik bostetan aldaketa gauzatu da, eta EAJk hartu du udal horien gidaritza. Zumarragan berriz PSE-EEko Mikel Serranok jarraituko du
Urretxuko udalbatza berria, Jon Luqui alkatea buru dela
Aldaketaren irudia utzi dute udalbatza berriak osatzeko larunbatean egindako bilkurek. Duela lau urte EH Bilduk hartu zituen Goierriko sei herri nagusietatik bostetako alkatetzak; orain berriz, EAJ izan da herri horien gidaritza hartu duena. Zumarragan berriz, PSE-EEk gidatutako udala izango dute beste lau urtez. Aginte makila hartzerako garaian, esker on hitzak izan zituzten alkate izendatu berriek, lanerako konpromisoa eta elkarlanerako borondatea agertzearekin batera.
Ordizian zegoen interes puntu nagusietako bat, nahiz eta bezperatik argi gelditu zen ez zela ezustekorik izango. Izan ere, udalaren norabidea alde batera edo bestera orekatzeko giltza izan zezakeen Ordizia Orainek, abstenitzea erabaki zuen. Hala, EAJko Jose Migel Santamariak hartu du alkatetza, PSE-EEren babesarekin. EH Bilduk bere buruari eman zion botoa.
Igor Eguren orain arteko alkateak lantaldea, lagunak eta etxekoak izan zituen gogoan; Santamariari zorionak eta zorte ona opatu zizkion. Santamariak ere, lantaldeari eta batez ere familiari egin zien aipamena. «Herriaren lan egiteko konpromisoa» berretsi eta «herritarrek akordioak bilatzeko agindua» eman dietela gogorarazi zuen.
Lazkaon ere, aldaketa beretsua gertatu zen. Lau urtez alkate izan den Azeari Andonegik (EH Bildu) Felix Urkolari (EAJ) utzi dio tokia. Urkolak alkate kargua bete izan zuen lehen ere, 2003-07 agintaldian. Kargua hartzerakoan, eskerrak eman zizkion aurreko lantaldeari, «egindako lanagatik». Orain, «elkarbizitzarako garaia» dela eta «mahai honetan eseri garen guztiok eredu» izan behar dutela azaldu zuen. Andonegik ere, herritarrei eta lau urtez ondoan izan dituenei eskerrak eman zizkien, eta oposiziotik bada ere «alternatiba eraikitzen» jarraituko dutela esan zuen.
Beasainen, bertso eta guzti
Kargua hartzerako garaian bestelako irudia eman zuen Aitor Aldasorok (EAJ), Beasaingo ekitaldian. Izan ere, ohiko esker on hitzez gain, bertsoa ere bota zuen, «herriak emandako babes eta konfiantza» herriari itzultzeko asmoa azalduz. Herritarrek emandako babesari esker «gobernu egonkorra» izango dutela azpimarratu zuen. Oposizioa entzungo duela eta hauei ere «indartsu» egoteko eta «gogoz» parte hartzeko deia egin zien; bere taldeari berriz, «umiltasuna» eskatu zion. Gainontzean, herritarren «ongizatearen alde» lan egiteko konpromisoa hartu zuen.
EAJk gehiengo osoa izango du Beasaingo Udalean, eta ez du beste inoren babesik behar izan. Hala, PSE-EEk abstentziora jo zuen larunbateko bozketan. EH Bilduk, berriz, bere hautagaiari eman zion babesa.
Ordizian, Beasainen zein Lazkaon gertatutakoaren bidetik, norabide bereko aldaketa gertatu da Urretxun eta Legazpin ere. Hala, larunbateko ekitaldian, azken legealdian alkate izan den Oihane Zabaletak (EH Bildu) Jon Luquiri (EAJ) utzi dio tokia. PSE-EEk ez zuen EAJren zerrenda babestu, baina talderik bozkatuena izan delako hartu zuten alkatetza. «Politikan sinisten» duela azaldu zuen Luquik, «herri baten bizimodua» politikatik antolatzen delako. Hala, «hitzei baino gehiago ekintzei» heltzeko asmoa agertu zuen.
Legazpi eta Zumarraga
Beste horrenbeste gertatu zen Legazpin ere. Koldobike Olabide (EAJ) da Legazpin trantsizioaz geroztik alkatetza hartu duen aurreneko emakumea, eta hori «berdintasunaren bidean beste pauso bat» dela azaldu zuen. Bere lehentasunak aparkalekuen arazoa, enpresa eta enplegua bultzatzea, eta hondakinen inguruko galdeketa izango direla azaldu zuen. Olabidek EAJren aldeko botoak izan zituen; PSE-EEk zuri bozkatu zuen, eta EH Bilduk eta Irabazik beraien hautagaiak babestu zituzten.
Zumarragan ez zegoen ezuste handitarako tarterik. Gehiengo osoa alde zuela hartu zuen kargua Mikel Serranok (PSE-EE), aurreko legealdiari jarraipena emanez. «Gehiengo osoak poza baina baita ardura ere» ematen diola azaldu zuen Serranok, kargua hartzerako unean.
Herri txikiak
Gainontzeko herrietan ere ez da sorpresarik izan, eta boto gehien jasotako zerrendek hartu dute udal gobernuak osatzeko ardura. 500 biztanletik beherako herri txikietan, larunbatean bertan erabaki zituzten alkateen izenak. Izan ere, hautagaiak aukeratzen dira herri horietan, eta gero, hauek izaten dira, bozketa bidez, alkatea nor izango den erabakitzen dutenak. Altzagan Eluska Ibarguren izendatu dute alkate; Gaintzan Gaizka Olaetxea eta Araman, Axier Mujikak jarraituko du udalaren buru.
Alkateak herriz herri
Altzaga. Eluska Ibarguren (Artea Taldea)
Arama. Axier Mujika (AHB)
Ataun. Asier Rodriguez (EHB)
Beasain. Aitor Aldasoro (EAJ)
Ezkio-Itsaso. Garikoitz Aiesta (Ezkio-Itsasokoak)
Gabiria. Iñaki Etxezarreta (Gabiarako Herri Elkargoa)
Gaintza. Gaizka Olaetxea (GH)
Idiazabal Ioritz Imaz (Izal Bai)
Itsasondo. Asier Garro (EHB)
Lazkao. Felix Urkola (EAJ)
Legazpi. Koldobike Olabide (EAJ)
Legorreta. Zelai Amenabarro (EHB)
Mutiloa. Iñaki Ugalde (MHK)
Olaberria. Jokin Garmendia (OEO)
Ordizia. J.M. Santamaria (EAJ)
Ormaiztegi. Jon Enrique (OB)
Segura. Eñaut Telleria (EHB)
Urretxu. Jon Luqui (EAJ)
Zaldibia. Joxan Etxabe (EHB)
Zegama. Joseba Izagirre (Z.L.)
Zerain. Arantxa Ruiz de Larrinaga (EHB)
Zumarraga. Mikel Serrano (PSE-EE)