Hogei bat emakume eta haur elkartu dira Ormaiztegin kalean josteko
Bat egin dute kalean josteko nazioarteko egunarekin, eta plazako karpan bildu dira gantxiloa eta puntua egiteko.
Ekain kulturalaren barruan, kalera atera dira gaur Ormaiztegiko hainbat lagun gantxiloa eta puntua egitera. Hogei bat lagun elkartu dira plazako karpan, denak emakumeak, eta giro ederrean aritu dira josten. Helduak eta haurrak bildu dira, eta bata besteari erakutsiz josi dute.
Bigarren urtea da Ormaiztegin kalean josteko eguna antolatzen dutena. Iaz trenzubia apaindu zuten jositako tela zatiekin. Aurten, berriz, udaletxearen ondoko bankuak apaintzeko asmoa dute.