Lanak ekainaren amaierarako bukatu nahi ditu udalak. Itsasori bigarren irteera bat ematea eta bi auzoak gerturatzea dira helburuak. Mendeungo iturritik hasten da bidea
Itsasotik Altzigarragarako bidea zabaltzen eta gogortzen ari dira makinak asteotan. / Maialen Igartua
Ezkio-Itsasoko Udala bidea irekitzen ari da Itsasotik Mandubiara. Dagoeneko hasita daude lanekin, eta ekainaren amaierarako bukatzea espero dute. Garikoitz Aiesta alkateak adierazi duenez, auto txikiak pasatzeko moduko bidea izango da. Horretarako, dagoeneko irekia zegoen mendi bidea ari dira egokitzen, Itsasoko Mendeungo iturritik Altzigarragara, eta handik Mandubiara doana. Bidea zabaldu dute dagoeneko makinek, eta zorua gogortzen eta urarentzako kanalak egiten ari dira orain.
Bide honek
bi helburu nagusi ditu. Batetik, Itsasori beste irteera bat ematea. Izan ere, gaur egun Itsasok irteera bakarra dauka, Alegia auzora doana. «Luizi bat edo horrelakoren bat gertatuz gero, Itsaso isolatuta geratzen da», adierazi du Aiestak. Bide berriarekin Mandubiara autoz joateko modua egongo da; orain arte bide hori traktorearekin egitea baino ez zen posible.
Bestetik, Itsasoko herrigunea eta
Mandubia auzoa gerturatzea da helburua. Gaur egun, errepidez, hamahiru kilometro inguru egin behar dira batetik bestera joateko. «Bidea irekitzen dutenean, berriz, distantzia bi kilometro eta erdikoa izango da».
Herritarren aspaldiko eskaria.
Aiestak azaldu duenez, herritarren aspaldiko eskaria da Itsaso eta Mandubia lotzen dituen bidea autoentzako moduan jartzea . «Mandubiatik Altzigarragarainoko zatia nahiko ondo dago, baina hortik Itsasorainoko zatia da konpondu beharrekoa». Hainbat mendi pista daude Altzigarragatik Itsasora. Udalak
lau irteera posible aztertu zituen, eta irteera bakoitza baloratu zuten ekonomikoki eta teknikoki.
Behin aukerak aztertuta, Itsasoarrei aurkeztu zizkieten lau aukerak: Altzigarragatik Itsasoko hilerrira –hori da berezko herri bidea–, Mendeun baserrira, Mendeungo iturrira edo Saletxe baserrira. Bidea Mendeungo iturrira egitea erabaki zuten herritarrek, eta haien nahiari kasu eginda hasi zituen lanak Ezkio-Itsasoko Udalak.
Epe luzera bidean
asfaltoa botatzea da udalaren nahia. Oraindik, ordea, ez dute horretarako diru laguntzarik lortu. Oraingoz
todounoa botata eta uraren kanalizaziorako beharrezko lan guztiak eginda utziko dute bidea, baina diru laguntza lortzeko ahaleginetan jarraituko dute.
Itsasoko Mendeungo iturritik hasten da bidea. / Maialen Igartua