Orain artekoaren balorazio ona egin du Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldeak
San Martin probarekin bat eginez, Ampo-Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz klubak Ordiziako Txirrindulari Elkartearen eta Beasaingo Loinazen batasunetik sortua aurtengo denboraldiak orain arte eman duenaz balorazioa plazaratu du. Aitor Gonzalezek eta Mikel Elortzak Ataunen lortutako bi lehen postuak, eta hilaren 7an Aitor Olaziregik eta Ander Alonsok 23 urtez azpiko Euskadiko erlojupeko txapelketan eskuratutakoak lehen eta bigarren sailkatu ziren horiek ere baikortasuna zabaldu dute klubaren barruan.
«Urte hasieran jarritako helburuak aise gainditzen ari dira gure txirrindulariak. Azkenez gain, denboraldian zehar garaipen gehiago ere izan dira. Lehen hamarren artean ere askotan sailkatu dira gureak, eta afizionatuetan bosgarren tokian gaude Espainiako Federazioaren rankinean», azaldu dute. Txirrindulari eskolan egiten ari den lanarekin ere gustura daude klubeko arduradunak, eta kimu eta gazte mailetan «koska bat gora» egiteko garaia dela iritzi diote.
2013tik lanean
Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldea 2013.urte amaieran eratu zen. Eskualdeko zein eskualdez kanpoko beste txirrindularitza talde batzuekin elkarlanean hasi zuen bidea, eta Goierrin eta Goierritik kanpo egiten ziren probetan parte hartzen hasi ziren GTBko txirrindulariak.
Ormaiztegiko Gorka eta Ion Izagirre anaiek bultzatutako taldea GTB, eskualdeko txirrindulariek garai hartan bizi zuten egoeratik sortuta. Ionek hartu zuen taldearen eta proiektuaren gidaritza, eta ordutik presindete kargua du elkartean. Gorka ere erakundeko kidea da. Guztira, eskola kiroleko ia 40 gaztetxok, 15 kadetek, 8 juniorrek, elite mailako eta 23 urtez azpiko 18 txirrindularik, master mailako dozena bat txirrindularik, eta txirrindulari ezindu batek osatzen dute GTB.
Horiez gain, emakumezkoen taldea eta ehun zikloturista inguru ere badaude taldean, eta GTBko arduradunek azaldu dutenez, haien denboraldia ere “pimerakoa” ari da izaten: “Emaitza positiboak lortu dituzte, eman duten itxura oso ona da eta horren erakusgarri dira lortu dituzten emaitzak”.