Palestinatik Goierrira
Bihar iritsiko dira Beasainera Aida errefuxiatu guneko hemeretzi gazte. Dantza saioak eta argazki erakusketak egingo dituzte hango egoera azaltzekoPalestinako Betleemgo Aida errefuxiatu eremuko kultur guneak atzerrira bidaia bat antolatzen du urtero, p...
Bihar iritsiko dira Beasainera Aida errefuxiatu guneko hemeretzi gazte. Dantza saioak eta argazki erakusketak egingo dituzte hango egoera azaltzeko
Palestinako Betleemgo Aida errefuxiatu eremuko kultur guneak atzerrira bidaia bat antolatzen du urtero, palestinarren egoeraren berri nazioartean zabaltzeko helburuarekin. Aurten Euskal Herrira etorriko dira. Hemeretzi laguneko gazte taldea etorriko da; 16 eta 35 urte ingurukoak. Astebetean Beasainen izango dute azpiegitura eta herriko zortzi familiarekin biziko dira. Aidan bertan bizi den Maia Arregi beasaindarra dabil antolaketa lanean.Aidako kultur guneko kideak dira Amani Asad eta Mohhamad Alazza; Asad dantzaria da eta Alazza argazkilaria. Asad dantzariarentzat oso garrantzitsua da urtero egiten duten kultura eta aldarrikapen irteera hori, «eguneroko bizimodua nolakoa den nazioartean zabaltzeko balio digulako». Alazzak, dena den, kontraesanezko sentimenduak izaten ditu horrelakoetan: «Euskal Herrira edo Amerikako Estatu Batuetara joatea errazagoa da guretzat, Aidatik bost kilometrora dagoen Jerusalemera joatea baino. Ezin gara nahi dugun tokira joan».
Astebetean Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako hainbat herritan dituzte hitzorduak palestinarrek. Goierrin, Legorretan, Ordizian eta Beasainen.
‘Dabka’ dantza oinarri
Besteak beste, dabka Palestinako dantza tradizionalaren bitartez azalduko dute herrialde hartako egoeraren berri. Garrantzia handiko dantza da dabka palestinarrentzat. «Okupazio militarrarekin gure historia eta kultura galtzen ari gara eta guretzat garrantzitsua da dabka dantza bizirik mantentzea». Dabka dantzaren bidez palestinarren bizimodua irudikatzen dute: ura hartzera errekara nola joaten ziren, lurra nola lantzen zuten… Musikak eta letrak ere garrantzia handia dute. Asadek aitortu duenez, palestinarrak asko hunkitzen dira dabka ikustean eta dantzarientzako ere oso une berezia izaten da: «Abestiekin eta dantzekin ordu betean nahiko aske sentitzen gara. Askatasun momentu bat da guretzat».
Hitzaldi bidez ere testigantzak kontatuko dituzte egunotan Goierrin, dantza taldeko kide asko atxilotuak eta torturatuak izan baitira. Alazza horietako bat da: argazkiak ateratzen ari zela Israelgo soldadu batek aurpegian tirokatu zuen. Sei hilabete egin zituen ospitalean. Bi hilabetean ezkutuan egon zen aurpegia sendatzeko, etxera itzultzean atxilotu egingo zutenaren susmoa zuelako. Susmoak egi bihurtu ziren: etxera itzuli zenean atxilotu eta torturatu egin zuten. Mohhamad Alazzak berak egindako argazkiak eta film laburrak erakutsiko dituzte egunotan herriz herri.
BDS mugimenduarekin bat
Palestinako egoera bideratzeko nazioarteko laguntza beharrezkoa ikusten dute palestinarrek. Asaden esanetan, «gure eskubideak onartzen ditu nazioarteko zuzenbideak, eta eskubide horiek errespetatzen badituzte etorkizunean posible izango da irtenbidea bilatzea».
Une honetan palestinarrei laguntza emateko modu eraginkorrena BDS mugimenduarekin bat egitea dela uste dute, «Israeli boikota, desinbertsioa eta zigorra egiteko eskatzen duen mugimendua da BDS». Palestinarren eskariz nazioartean sortutako mugimendua da. «Israelek sentitu behar du mundu osoa bizkar ematen ari zaiola eta beraien pentsatzeko modua aldatu egin behar dutela», azaldu du Arregik. Israelekin lotura duen orori boikota eginez, palestinarren eskubideak errespetatzea, okupazioa militarra bukatzea eta Israelen bizi diren palestinarrek ere israeldarren eskubide berdinak izatea aldarrikatzen du BDSek. «Mugimendu horren ondorioz, Israeletik atera behar izan dute Orange eta Veolia konpainiek, adibidez». Abeslariei ere eskatzen die Tel Avivera ez joateko kontzertuak ematera. «Stephen Hawkingek bertan behera utzi du hitzaldi bat, okupazioa bukatu arte».