Irailaren 25ean taularatuko dute Usurbe Antzokian. Ana Alonso da gidoilaria eta zuzendaria.
Beasainen ‘400 urte’ antzerki obra ari dira prestatzen.
Beasainek duela 400 urte herri titulua eskuratu zuela eta ekintza ugari ari dira egiten aurten. Igartzako Kultur Mahaiak egindako proposamenaren hariari tiraka, irailaren 25ean antzerkiaren bidez azalduko dute historia. Dagoeneko buru belarri dabil herriko aktore taldea, Ana Alonsoren zuzendaritzapean. Adin desberdinetako aktoreak elkartu dira horretarako.
Aktoreak aurkitzeko deialdiak erantzun ona izan du eta hamabi protagonista nagusiren paperak banatuta dituzte jada. «Paper nagusiak banatuta daude, funtsezkoa zelako entseguak lehenbailehen martxan jartzea», dio Diego Gomez udal langileak. Dena den, figuranteak behar dira oraindik. Interesa duenak beraz, udaletxeko kultura sailera gerturatzea besterik ez du, 943 028 063 telefono zenbakira deituta.
Ana Alonso herritar aktoreak idatzi du antzezlanaren gidoia. Zuzendari lanean ere bera ari da. Alonsok aurreratu duenez, «antzezlana historikoa da, baina ezustekoak izango ditu».
Astearteetan 17:30ean elkartzen dira Urbieta etxean.
Irailaren 25ean aurkezpena
Irailaren 25ean Muturbeltz eguneko egitarauaren barruan aurkeztuko dute 400 urte antzezlana, Usurbe Antzokian. Antolatzaileak gustura daude orain arte herritarrek izan duten jarrerarekin: «Eskertzekoa da gogo handiz murgildu direlako proiektuan eta entseguetan».
Horretaz gain, Gomezentzat oso garrantzitsua da eragile desberdinen artean sortu den elkarlana. Aurreratu dutenez, antzezlanean musikarekin eta dantzarekin zerikusia duten beste eragile batzuen partaidetza ere ikusi ahalko da.
Igartzako Mahaiaren ideia
Igartzako Kultur Mahaian sortu zen 400. urteurrenaren inguruko herri antzerkia egiteko ideia. «Antzerkia betidanik izan da informazio historikoaren transmisioa egiteko erabili den baliabide bat, jendearen kuriositatea pizten duelako eta modu erraza eta ikusgarria delako transmisio hori egiteko», dio Gomezek.
Antzerkia tresna bezala erabiltzeak ere badu beste arrazoi bai beasaindarraren esanetan: «Hasieratik garbi geneukan urteurrenaren ospakizunean herritarrak izan behar zirela protagonista nagusiak, bai eragile bezala eta bai publiko bezala. Zentzu horretan herri antzerkia primerako baliabidea da, bertan bildu ditugulako perfil oso desberdinetako herritarrak eta elkarteak».