Oihalez oihal, hautetsontzia
‘Ehuntzen’ egitasmoaren jaialdi nagusia egingo dute igandean Euskal Herriko bost hiriburu nagusietan. Herriz herri jositako 300 oihal zati joango dira Goierritik Donostiara
Eskuz esku eta herriz herri jositako oihal zati guztiak, Urumea ibaiaren bueltan elkartuko dituzte igande eguerdian. Donostiako sei zubi nagusien inguruan antolatuko dira. Eskualdeka, zubi edo tarte bat bete beharko dute; Goierriri, Amarako Lehendakari Agirre zubia dagokio. Parte hartzaileei, 11:30erako bakoitza bere tokian egoteko deia egin diete antolatzaileek.
Oihal zati guztiak batuz, sei zubien artean oihal katea osatuko dute, 12:00etan. Orduerdi iraungo duen ekimena izango da. Segidan, hainbat musika kolektibok lagunduta, zubi bakoitzetik kalejiran joango dira denak, Anoeta aldera. Estadioko ateak 16:30ean zabalduko dituzte, eta ekitaldi nagusia, 17:30ean izango da. Festa luzatu nahi dutenek, 20:00etatik aurrera erromeria izango dute.
Estadioaren inguruko gunean ere, ekintza sorta antolatu dute. Egun osoan zehar, sagardo dastaketa, taloak, txekor errea eta bestelako jatekoak eta edatekoak izango dira. Miniestadio aldean, berriz, kontzertu maratoia egingo dute, goizaldeko ordubata arte. Besteak beste, Su Ta Gar, Glaukoma, Lain, Arkada Sozial, Ze esatek eta Skakeitan taldeak ariko dira bertan.
Antolatzaileen oharrak
Igandeko ekitaldiari begira, antolatzaileek hainbat ohar eman nahi izan dituzte. Batetik, hiriburuetara iristeko garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute. Bestetik, ingurua zaindu eta hiria «aurkitu dugun bezain garbi» uzteko eskatu dute.
Igandeko ekitaldietara Gure Esku Dago egitasmoaren kamisetak jantzita joateko deia egin diete herritarrei. Sarrerak eramatea ere ezinbestekoa izango da ekitaldi nagusira sartzeko. Helduenak 10 euro balio du, eta 14 urtetik beherakoenak 5 (2 urtez azpikoek ez dute sarrerarik ordaindu beharko). Sarrera horiekin bildutako dirua, igandeko egunak sortutako gastuei aurre egiteko erabiliko dute.
Goierrin sarreren zati handi bat salduta badago ere, azken egunetan salmentek gora egitea espero duela azaldu du Oskar Sotok. Izan ere, batez ere azken aste honetan «oihartzun handia» izaten ari da ekimena komunikabideetan, eta horri esker, jende gehiago ere animatzea espero du. Tabernetan salgai dauden sarrerak larunbatean jasoko dituzte. Idiazabalgo Elkargunean ere eros daitezke, goizez (11:00-13:00) eta arratsaldez (18:00-20:00). Igandean bertan ere izango da sarrerak erosteko aukera, Anoeta inguruan.
Boluntario izateko deia
Igandekoa bezalako jaialdi handi bat antolatzeko, ezinbestekoa da dozenaka boluntarioren lana. Goierritik bakarrik, 300 boluntario baino gehiago behar dira, 120 zubietan oihalak zabaltzeko, eta beste 240 gainontzeko lanetarako. Horregatik, igandean lanerako edo txandaren bat betetzeko prest dauden goierritarrei dei berezia egin diete. «Denok egun hau gustura eta jai giroan igaro dezagun, oso garrantzitsua da goierritarroi egokitu zaizkigun txanda edo lanak burutu ahal izateko goierritar guztiok esku bat botatzea». Prest daudenek, beasain@gureeskudago.eus helbidera idatzi edo 689 58 45 94 telefono zenbakira deitu dezakete.
IGANDEKO EGITARAUA Donostia 11:30. Eskualde bakoitza dagokion zubian kokatuko da, oihal katea egiteko. 12:00-12:30. Oihal katea Urumeako 6 zubien artean. 12:30. Katea bukatutakoan, zubi bakoitzetik kalejirak Anoetaraino, musikariek lagunduta. 16:30. Anoetako ateen irekiera. 17:30. Ekitaldi nagusia Anoetan. Anoeta ingurua 11:00. Gunearen irekiera. Egunean zehar sagardo dastaketa, taloak, txekor errea… izango dira. 11:30-00:00. Kontzertu maratoia, miniestadio inguruan. 20:00. Ospakizun erromeria. alde zaharra 12:30. Herri dantzak, Bulebarrean. Kalez kale: Kantu-jira, kaskarinak eta txistulariak. Ilunbe Familien gunea kokatuko dute Ilunben. Egun osoan zehar puzgarriak, taillerrak, abentura parkea eta abar izango dira. 12:30. ‘Ilunbe izarrez argitu’ ikuskizuna: Gipuzkoako pailazoak, suhiltzaileak, ‘Gu ta gutarrak’, Irrien lagunak… 14:00. Irri bazkaria. 15:30. Dantzaldia Txantxariak eta Irrien Lagunen eskutik.














