Katastrofe naturaletan erreskate lanak egiteko balioko duen robota diseinatu eta fabrikatu dute Goierri Campuseko ikasleek. Prestatutako hiru prototipoekin probak egin dituzte
Ibilian ikasten omen da oinez. Eta hori da Mondragon Unibertsitateko Goierriko Campuseko ingenieritza ikasleek egiten dutena. Urte osoan zehar ikasitakoa, praktikan jartzen dute proiektu baten bidez. Aurten, katastrofe naturaletan erreskate lanak egiteko makina edo robot bat diseinatu behar izan dute. Hiru taldetan banatuta, prototipo bana egin dute 3. mailako ikasleek. Horiek probatzeko eguna izan zuten atzokoa.
Aitor Zuriarrain 3. mailako irakasle eta koordinatzaileak azaldu duenez, «guk beti arazo bat planteatzen diegu, eta beraiek irtenbidea bilatu behar izaten dute». Kasu honetan, lurrikara, tsunami eta antzeko gertaeren aurrean, erreskate lanetarako balioko lukeen gailu bat diseinatu, fabrikatu eta muntatu behar izan dute ikasleek. «Beraiek egin dute dena, diseinu propioa, alde mekanikoa, montajea… pieza batzuk erositakoak dira, baina gehienak beraiek egin dituzte».
Ikasleen gustuko gaia
Ikasturte bukaerarekin bat eginez, proiektu horiek aurkeztu eta probatzen aritu ziren atzo. Ikasleak beraiek ere, «gustura» agertu ziren egindako lanarekin. Proiektu honen helburu nagusia, «orain arte ikasgai ezberdinetan ikasitako guztia praktikan jartzea» izaten da. Izan ere, horrelako makina bat diseinatzeak lan handia izaten du. Aurrekontu bat ere jartzen diete ikasleei, kasu honetan 600 eurokoa izan da, baina Zuriarrainen arabera, «denek pasa dute muga»; batzuk aurrekontua bikoiztu ere egin dute.
Zirkuitu batean aritu ziren aurrena; robot bakoitzak, sentsore batzuen bidez, zoruko marra horiak jarraitzen dituzte, eta horrela, automatikoki ibiltzeko gai dira. Joystick baten bidez ere bideratu daitezke. Zoru lauan ez ezik, aldapetan ibiltzeko ere diseinatuta daude, %40ra arteko penditzetan. Zuriarrainen hitzetan, momentuz aplikazio zehatzik ez badute ere, kamera bat edo 2,5 kilo arteko karga bat eramateko gaitasuna dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.