Hiru dolare baserri Ezkioko lurretan
Izazpiren magalean, Ezkion, XVI. mendeko hiru dolare baserri daude: Igartubeiti, Zela eta Salete. Maite Iturralde herriko arkitektoak Saleteren inguruko ikerketa egin du. Baserriak jatorrizko elementu asko mantentzen ditu.
Igartubeitik eta Saletek oraindik ere bere horretan mantentzen dute XVI. mendeko egituraren zati handiena, besteak beste, dolarea. Igartubeiti Foru Aldundiak erosi zuen 1992an, eta museoa da gaur egun. Saleten, berriz, jendea bizi da oraindik. Maite Iturralde herriko arkitekto teknikoaren hitzetan, «balio handia» du XVI. mendeko baserriaren egitura neurri handi batean mantendu izanak.
Maite Iturralde herriko arkitektoaren ikerketa
Herritarrei balio horren berri emateko, Salete baserriaren bisita gidatua egin zuen Iturraldek joan den igandean. Izan ere, ondarea babestearen gaineko masterra egin zuen iaz Iturraldek, eta amaierako lanerako Salete baserriaren inguruko ikerketa egin zuen. Ama bertan jaiotakoa izanik, interes berezia zuen Iturraldek baserriarengan. «Batetik, datu historikoak aztertu ditut, eta, bestetik, Saleteren gaur egungo planoak egin ditut, baserriak zein jatorrizko elementu mantentzen dituen ikusteko».
Bi historialariren laguntza izan du Iturraldek Saleteren inguruko azterketa egiteko, eta 1609ko dokumentuetaraino iritsi da. «Ondorioz, pentsa daiteke baserria XVI. mendean eraikia dela, baina hori ezin dugu guztiz ziurtatu», adierazi du.
Noiz eraikia den guztiz ezin ziurtatu arren, baserriak baditu XVI. mendeko elementuak. Iturralderen esanetan, eraikina heusten duten altuera osoko zutabeak oso esanguratsuak dira, zorutik teilaturaino iristen direnak.Baserriko dolarea ere, nahiz eta zati batzuk falta, XVI. mendekoa dela uste du Iturraldek. «Hori adierazten duten idatziak daude».
Urtebeteko ikerketaren ostean, Salete baserriak XVI. mendeko egitura eta elementuen %70 mantentzen duela ondorioztatu du. Dolareaz eta altuera osoko zutabeez gain, Saletek baditu beste hainbat elementu esanguratsu, esaterako, fatxadako oholezko egitura, tailerraren aztarnak eta egurrezko hesi matxinbratua.
Igandeko bisitan kanpotik eta barrutik ikusi ahal izan zuten herritarrek Salete baserria. Egitura erakusteaz gain, Iturraldek baserriaren garrantziaz eta balioaz ohartarazi nahi izan zituen bisitariak. «Salete gaur egunera iritsi bada iritsi den egoeran, bertan bizi izan direnek baserriaren esentzia mantendu dutelako da». Iturralderen ustez, gure ondarea babesteko garrantzitsua da baserrietan obrak egitean jatorrizko elementuak kontuan izatea, eta ahal den neurrian mantentzen saiatzea.













