Artxanberri harria gaur erabiliko dute lehenengo aldiz
Zaldibiako Udalak egin duen harri berria prest da, inauguraziorako. Duela hilabete pare bat ekarri zuten, eta harrezkero Artxanberri kaleko probalekuaren alboan dago. Harriari oinarria ere egin diote, propio. Gaur, San Joan bezpera, aurreneko aldiz aterako dute harria. 1.800 kilo da pisuan.
Roman Elosegi idizale zaldibiarrak izango du harri berria lehenengo aldiz mugitzeko ohorea. Erakustaldia egingo dute haren bi idi pareek, 19:30ean hasita. Idi pare gazteak edo kintopekoak, eta zaharrak ekarriko ditu. Uztarri bakoitzak 15 minutuko lana egingo du.
Udako solstizioko festa girotzeko izango da proba. 19:00etan herriko txistulariak eta trikitilariak kalejiran aterako dira, eta 20:00ak aldera herri afaria izango da, Zaldibiako plazan. Sua 22:30a aldera piztuko dute, eta Iztueta dantza taldeak pieza batzuk dantzatuko ditu, Alamartxo gauean.