2011n berreskuratu zuten makala altxatzeko ohitura. Eskuz altxatu ahal izateko herritarrei deialdia egin diete. Aurten botatako makala gorde egingo dute.
Xanti Enparantza, Estanis Oiarbide eta Pako Sarriegi.
Beasaingo Igartzako auzotarrek 2011. urtean berreskuratu zuten San Joan bezperan, gaurko egunez, makala altxatzeko ohitura. Aurten urrats bat gehiago egingo dute: makala eskuz altxatuko dute berriz eta horretarako herritarrei laguntza eskatu die. Hamabost bat lagun behar dituzte hiru aldetatik sokari tira eginez eta eskaileren laguntzarekin makala altxatzeko. Gaur, 18:30ean jarri dute hitzordua Igartzako jauregiaren aurrean.
Beste berrikuntza bat ere bada aurten: urtero berria bota badute ere, aurten botatako makala gorde egingo dute Antzizar kiroldegiko biltegian. Denboran iraun dezan, martxoko ilbeheran bota zuten.
Errementeriko Xanti Enparantzarentzat, Dolareako Pako Sarriegirentzat eta Jauregiko Estanis Oiarbiderentzat egun berezia izaten da gaurkoa, ume eta gazte garaiko irudiak berritzen baizaizkie. Gaur ere, hantxe izango dira makala altxatzen.
Pako Sarriegik gogoratu duenez, «auzoko baserri gehienetakoak txara aldera joaten ginen gauean makala botatzera. Egunez ezin zen joan, debekatuta zegoen eta makala botatzea». Bizkarrean ekartzen zuten auzora. «Erreka ere pasatu behar izan zen». Makala zuritu eta adar berdea jartzen zioten puntan. Igartzako auzotarrek azpimarratu dutenez, «orain jartzen dena baino askoz ere handiagoa jartzen zen orduan».
1961. urte inguruan erabaki zuten urtero makala bota beharrean Dolareako ganbaran gordetzea. «Dolarea berritzeko lanak hasi zirenean han zegoen makala», diote. Sarriegik, Enparantzak eta Oiarbidek ez dute buruan gordeta, noiz altxatu zuten azkeneko aldiz makala Igartza auzoan.
Alamartxoa
Makalaz gain, alamartxoa edo sua ere San Joan bezperako osagai garrantzitsua izaten zen. «Errekara jaisteko aldapan egiten genuen», gogoratu du Estanis Oiarbidek. Auzokoek baino su handiagoa egitea izaten zuten erronka: «Bi hilabete lehenago hasten ginen alamartxoa prestatzen. Inguruko bazter guztiak garbitzen genituen. Egur bat ez zen azaltzen», dio Oiarbidek. «Errekan uharte txiki bat egiten zen eta bertan zuhaitz asko hazten zen. Haltzak aizkorarekin botatzen genituen. Askotan berde samarrak egoten ziren eta gasolina pixka bat behar izaten zen sua pizteko», gaineratu du.
Zaintzak ere egiten zituzten, eguna baino lehenago alamartxoari surik eman ez ziezaioten. «Ez zen broma!», diote Oiarbidek, Sarriegik eta Enparantzak.
San Joan bezperan Igartzako ermitaren aurrean erromeria ere antolatzen zuten. «Errotako gurdi handia jartzen zen eta han jartzen ziren soinujoleak: Idiazabalgo Joxe Benta Txiki, Abaltzisketako Zelestino…».
Gaur egun erromeriarik ez, baina dantza berreskuratu dute Igartza auzoan, Aurtzakari esker, neskatxen esku dantzarekin. «Oso dotorea da, lekua ere aproposa da horretarako», dio Enparantzak.
Lizar adarrak eta afaria
Laugarren osagai bat ere bazuen garai bateko Igartza auzoko San Joan bezperak: atarietan lizar adarrak jartzea. Sua itzaltzen hasten zenean, herriko atarietan lizar adarrak jartzeko lana hasten zuten auzotarrek. «Egurrezko ateak izaten ziren, eta iltzeekin eta mailuarekin jartzen genituen». Garingo bidetik ekartzen zituzten lizar adarrak, esnezalearen furgoneta berdean joanda. «Udalak mokadutxoa ematen zigun , 02:00ak aldean, urdaiazpikoa, ogia eta ardoa», gogoratu dute auzotarrek.