Hiru lan-saio antolatu ditu eskualdeko eragileekin batera 2016-2020 epealdirako plangintza berria adosteko
Goierriko landa garapenaren egoeraz eta etorkizunaz ariko dira Goimen elkarteak antolatu duen topaketan/ Aimar Maiz
Goimenek, Goierriko Landa Garapen Elkarteak, 2016-2020 eperako Goierriko Landa Garapen Programa lantzeari ekingo dio. Hiru lan-saio egingo dituzte guztira, bi ordukoa bakoitza: aurreneko gaur izango da, eta datozen bi asteerteetan hurrengo biak, hilaren 30ean eta uztailaren 7an. Prometea enpresak egingo ditu hausnarketa saio hauen gidari lanak. Lanketa hau ahalik eta parte-hartzaileena izatea nahi dute Goimeneko teknikariek, eta horregatik «modu ireki eta kolektiboan» garatu nahi dute datozen urteetarako plangintza.
Goimenek 2000. urtean egin zuen lehen plangintza, eta azken urteetan 2007-2013 programa izan da elkartearearen beraren zein harekin lankidetzan aritzen diren eragileen iparrorratza. «Epe hori gaindituta, datozen urteei begira ikuspegi, helburu eta konpromisoak eguneratzeko unea iritsi zaigu», adierazi du Jose Manuel Zubizarreta Goimeneko teknikariak.
Prozesu honen helburua eskualdeko landa garapenak etorkizunean jorratu beharreko lan-ildoak «elkarrekin irudikatu eta osatzea» da. «Era kolektibo batean egitea erabaki dugu, ikuspegi, ezagutza eta egitasmo desberdinak batuz, horrek prozesua eta emaitza bera aberastuko dituela uste baitugu».
Baserritarrak, lehen sektorean aritzen diren eragile desberdinak, EHNE eta ENBA sindikatuetako ordezkariak, udaletako ordezkari politiko eta teknikoak, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak, eta Aralar eta Aizkorri mendiak kudeaketan aritzen diren eragileak gonbidatu dituzte, besteak beste, lan-saioetan parte hartzera. «Industria munduan ari direnei ere egin diegu gonbidapena, batez ere berrikuntzaren alorrean egin ditzaketen ekarpenak aintzat hartuta».
Goimenen lan ardatzak
Goimenen eginkizun nagusia hiru lan-ildotan laburbiltzen da: landa-eremuak indartzea –ingurumena eta nekazaritza–; sektoreko eragileen bizi kalitatea eta duintasuna bermatzea; eta herri nortasuna babestu, sendotu eta garatzea. Prozesu honekin jorratu nahi diren erronkak bi mailatan kokatu behar direla azaldu du Zubizarretak: «Batetik, jende aldetik aniztasuna nahi dugu, eragileek zer garapen mota nahi duten bertatik bertara jakiteko. Eta bestetik, barrura begira eta norabide horri jarraituz, Goimenek aurrera begira zer egin dezakeen galdetuko dugu».
Goimeneko teknikariak argitu du sektore edo arlo honi lotutako plan asko daudela eskualdean, batez ere Agenda 21ari lotutakoak. «Oinarri asko dauzkagu, eta gure buruari ere galdera asko egin dizkiogu Goimenek zentzu horretan bete beharko lukeen paperaz. Azkenean behintzat erabaki da modu irekian planteatzea gauzak, eta bakoitzaren kezkak jaso eta partekatzea. Partaide guztiei bere arlotik hitz egiteko aukera emango diegu».
Norabidea zehaztea
Saio horietan Goimenek dituen indargune eta ahulguneak antzematen ere ahaleginduko dira, eta datozen urteetarako lan-ardatz eta helburu berriak finkatuko dituzte. Horrez gain, Goimenek dituen giza baliabide eta baliabide teknikoez ere arituko dira, eta «finantza markoari» ere erreparatuko diete, erakundeetatik jaso daitezkeen diru-laguntzei begira, batik bat. «Inork zer esango zain egon gabe, guk zer nahi dugun, nora jo nahi dugun jakitea da prozesuaren helburua», amaitu du Zubizarretak.