Ferian 80 urtean saltzen
Agustina Lopetegik zortzi hamarkada darama astero-astero Ordiziako feriara joaten. Amarekin hasi zen, zortzi urte zituela. Gaur egun, 87 betetzeko bidean, Maria Jesus ...
Agustina Lopetegik zortzi hamarkada darama astero-astero Ordiziako feriara joaten. Amarekin hasi zen, zortzi urte zituela. Gaur egun, 87 betetzeko bidean, Maria Jesus alabarekin segitzen dio. Goizeko bostak eta erdirako han izaten da.
Asteazkenero, goizeko bostak eta erdirako Ordiziako Plaza Nagusian izaten da Agustina Lopetegi Jaka (Altzaga, 1928). Txikitatik ikasitako ohiturak aldatzea ez da erraza, oraindik gutxiago ia 80 urtean astero joera berbera erabili eta gero. Ordiziako feriako saltzaile edadetuena da, gaur egun. Azaroan 87 urte beteko ditu. Baina, ziur, 1936 urrun hartako lehen feria-egunean begirada bizi eta urdin bera ekarri zuela.
Larre motzean hezitakoa da, eta bizitzan zehar erauntsi handiei aurre egindakoa. Baserriko patua. Altzagako Etxeberri Goikoan jaio zen, 1928an. Ezkondutakoan Itsasoko Eztala Goikora joan zen. Baserria erre zitzaien 1970ean, eta Beasainen bizi da orain. Baratzea Itsasoko goi haietan dute.
Monika Jaka zuen ama, Etxarri-Aranatzekoa berez. «Ni 8 urterekin hasi nintzen feriara, amarekin. Ama plazan jartzen zen saltzen, eta ni arrazionamendua hartzeko ilaran. Baina emakumeek, badakizu, umea ni, eta aurrea hartzen zidaten. Gerra ondorena zen. Haiek garai txarrak ziren». Dendan erosi behar izaten zituzten etxean ez zirenak: «Kontrabandoa zen orduan, ezkutuan ematen zen». Olioa, azukrea eta txokolatea, horiek «falta gabe» eramaten zituzten.
Urritasuna berez, eta errekisamendua legez. Feriara eramateko salgaiak neurrian ibiltzen zituzten, kenduko zieten beldurrez. «Ez zegoen denak ekartzerik. Karabineroak ibiltzen ziren. Araman ezkutatu behar gauzak».
Maria Jesus Oria alabari laguntzen dio, orain, eta atzeko postuan egoten da Arantxa Lopetegi ahizpa ere, saltzen. Plazan denek ezagutzen dute, eta berak ere bai gehientsuenak.
Donostian sagar saltzen
Zortzi urterekin Ordiziara, eta 17rekin Donostiara hasi zen Agustina, etxeko sagarrak merkatuan saltzera, San Martingo azokan. «Itsasondora jaisten ginen sagarrekin, anaiak zaldiarekin eramanda. Goizeko 5:50ean trena hartu, eta Donostiara. Jendea umil zen garai hartan! Ez zen orain bezalako harrokeriarik orduan». Sagar garaian egunero joaten zen San Martinera. «Beste baserritar batzuk Bretxara joaten ziren».
Ezkondu ondoren, Itsasotik Zumarragara joaten hasi zen. Hamar bat urtean ibili zen. «Orduan zapatu arratsaldeetan egiten zen feria», gogoratu du Maria Jesus alabak. Agustina azokan zela, eta senarra Aristrainen lanean, etxea erre zitzaien.
«Lana» izan da Agustinaren eta jirako gainerakoen irakaslea. «Beti lanak akabatzen. Ferira etortzeko adina prestatu egin behar zen». Lanak irakatsitako bideetan dabil oraindik ere, baina gustura. Gosaltzen izan berri da, tabernan. «Aizu, noizbait hobetoxeago bizi beharko dut!», bota du.