Urtebeteko etenaren ondoren, taldekide eta abesti berriekin itzuli da Egurra Ta Kitto. Bi goierritar daude taldean: Iñigo Izuzkiza mutiloarra eta Iñigo Mendia ormaiztegiarra.
Iñigo Izuzkiza, Egurra Ta Kitto taldeko bateria jolea. / Maialen Igartua
Urtebeteko etenaldia egin du Egurra Ta Kitto taldeak, kontzerturik eman gabe. Zergatik?
Taldekide batzuek taldea utzi zuten, eta horregatik utzi behar izan genuen. Abeslariak eta baxu joleak utzi zuten taldea. Hasieran lasai egon ginen, baina segituan jendearen bila hasi ginen berriro kontzertuak eman ahal izateko. Probak egiten aritu ginen, eta iazko urte amaieran edo osatu genuen taldea. Taldekide berriekin ekin diogu berriz kontzertuak emateari.
Abeslari eta baxu jole berriarekin itzuli da taldea, hortaz.
Bai, hala da. Abeslaria Iker Vela da, Debakoa (Gipuzkoa), eta baxu jolea Julen Arrieta, Tolosakoa (Gipuzkoa). Beraz, dagoeneko Gipuzkoa osoko taldekideak ditugu.
Oñatin eman zenuten lehen kontzertua, ekainaren 13an. Zer moduz itzulera?
Ondo, gustura. Giro polita zegoen eta jendea gogoz ikusten zen. Talde berria izanik ez genekien publikoak nolako harrera egingo zigun, baina gustura geratu ginen. Jendea egon zen kontzertua bukatu arte.
Taldekide batzuk berriak izanda, taldea aldatu al da?
Bai, aldatu da. Taldekideak aldatzen direnean hartu emanak ere aldatu egiten dira, eta, ondorioz, beste erabaki batzuk hartu behar izaten dira. Azken finean denon gustuak kontuan hartuz adostasun batera iristen saiatzen gara. Gure kasuan, gainera, denok oso gustu desberdinak ditugu. Talde berriarekin egin ditugun abestiak rockeroagoak irten dira, eta gutxiago dute ska estilotik.
Lau abesti berrirekin itzuli zarete.
Hor ere adostasun batera iritsi behar izan ginen. Batzuek abesti gehiago egin nahi zituzten kontzertuak ematen hasi aurretik, beste batzuek, berriz, gutxiago. Azkenean lau egitea erabaki genuen. Talde berria osatu bezain pronto hasi ginen abestiak prestatzen. Kolaborazioak ere izan ditugu. Kanta bat, esaterako, Jose Luis Otamendi olerkilariak idatzi du.
Interneten jarri dituzue lau abestiak, doan deskargatzeko moduan. Zergatik?
Lau abestirekin ez gara ausartzen disko bat dela esatera. Beste ezer baino gehiago, aurkezpen bat da, jendeak ikusteko orain zer egiten dugun. Horregatik jarri ditugu interneten, denen eskura. Jendeari orain zein musika egiten dugun aurkeztea da abesti horien helburua, eta gure estiloa markatzea. Aurrera begira agian aterako dugu beste diskoren bat, baina oraindik ez dakigu.Oraingoz lau abesti horiekin egingo dugu aurrera, kontzertuak emanez.
Jendearen iritzirik jaso al duzue?
Denetik entzun dut. Batzuei gustatu zaie. Beste batzuek, berriz, nabaritu dute estilo aldaketa egon dela. Esaterako, esan digute gitarrak distortsio gehiago duela, eta abeslariaren ahotsa ere gogorragoa dela. Agian Egurra Ta Kittoren publikoa aldatu egingo da, baina oraindik goiz da hori esateko. Kontzertu gehiago eman ahala ikusiko dugu hori.
Non emango dituzue hurrengo kontzertuak?
Azpeitiako Orkatz tabernan izango gara larunbat honetan. Hortik aurrerako egutegia ez daukagu guztiz finkatuta oraindik.
Eta Goierrin?
Goierrin oraingoz ez daukagu kontzerturik aurrikusita.