Lurraren 50 urteak argazki album batera bilduta
Urretxuko Lurra dantza taldearentzat ospakizun urtea da aurtengoa, 50 urte bete dira oinak lurretik altxatu eta dantzan hasi zirenetik. Ekitaldi ugari egin dituzte jada eta ekintza asko antolatu ere. Gaur
Urretxuko Lurra dantza taldearentzat ospakizun urtea da aurtengoa, 50 urte bete dira oinak lurretik altxatu eta dantzan hasi zirenetik. Ekitaldi ugari egin dituzte jada eta ekintza asko antolatu ere. Gaur arratsaldean segida eman diote urtemugaren egitarauari. Lurrakoek San Joan bezpera aukeratu dute 50 urteotako argazkiak biltzen dituen albuma aurkezteko. Hain zuzen, ilargia ateratzen denean sorgin dantzak jantzi eta suaren inguruan dantza egiten duten gaua da baita gaurkoa, urtez urte, Urretxuko Gernikako Arbola plazan.
Liburua liburu baino gehiago albuma da. Salgai jarriko dute Lurrak entseguak egiten dituen lizeoan. Uztailean astearteetan eta ostegunetan erosi ahal izango da 19:00etatik 21:00etara eta irailean asteazkenetan zein ostiraletan ordutegi berean. Albuma 50 euroan salduko dute.
Jon Luqui alkateak Lurrako kideak zoriondu ditu horrenbeste urteetan egindako lanagatik, besteak beste: transmisioan egindako lanagatik, jantziak berreskuratzen aritzeagatik, Urretxura beste kultura batzuk ekartzeagatik.
Edurne Holgado Lurrako kideak albumaren nondik norakoa aletu du eta, finean, taldearen egutegian mugarri diren une horiek, urtez urte, argazkietan jaso dituztela azaldu du. Eskerrak ere eman dizkie lagundu dietenei, tartean, aurreko gobernu taldeari. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko Estibaliz Iturria ordezkariak azpimarra egin die 50 urte horiei, taldeak sortu bai, baina denboran irautea baita zailena.