Giro herrikoia nagusi San Joan eguneko ospakizunetan
Bezperako su eta dantzen ondoren, San Joan eguna ospatzen ari dira gaur Seguran eta Olaberrian. Herri giroko ekitaldiz osatutako jai egunak dituzte bietan ere. Tradizioari eutsiz, zaindariaren irudia bizkarrean hartuta prozesioa egin dute goizean Segurako herrigunean. Eguerdian berriz, herri kirol saioa izan dute. Olaberrian berriz, meza ondoren egin duten hamaiketakoan bildu da jendea. Han ere herri kirol saioa izango dute, baina arratsaldean.
Zaindariaren egunarekin batera bukatuko dituzte festak Olaberrian, baina Seguran, bihar ere izango dira ospakizunak, San Joan bigarrenean. Izan ere, Elegante Eguna ospatuko dute. Txapelketa herrikoiak izango dira eguerdi partean, eta arratsaldean, herritar talde batek antolatu duen umorezko antzezlana. Gauean berriz, herri afari elegantea eta dantzaldia izango dituzte. Zopa pertzaren igoerarekin bukatuko da festa, gauerdian.
Santa Barbaran erromeria
Herriko zaindariaren eguna ez bada ere, urretxuar askorentzat egun berezia da gaurkoa. Izan ere, erromeria egiten dute Santa Barbaran. Eguraldia lagun, dozenaka lagun igo dira ermita ingurura. Han, meza eta dantza saioa izan dituzte goizean. Irimora igoera ere egin dute, eta aurten, Zegaman bizi den Beñat Katarain lakuntzarra izan da azkarrena. Arratsaldean, herri kirolak eta erromeria izango dituzte, festa eguna borobiltzeko.