Garagardo azoka, iaz. Asier Zaldua
Ordizia Rugby Elkarteak antolatutako 16. Garagardo Azoka egingo dute asteburuan. Aurtengoa, gainera, berrikuntza ugarirekin dator. Horietan aurrenekoa, feriaren irekiera bera izango da. Estanda areto futbol taldeko neskek izango dute azoka zabaltzeko ardura; bihar izango da estreinaldia, 19:00etan. Azoka Beti Alai pilotalekuan eta ondoko aterpean egingo dute, bihartik igandera bitartean.
Garagardo aldetik ere, eskaintza zabala izango dute, kolore eta zapore guztietako 30 garagardo motarekin. Pitxarrak 4 euroan jarriko dituzte; neurri txikiagoa nahiago dutenek, 2 euroko kaña eskatzeko aukera ere izango dute. Menuari dagokionean, bi lagunentzako afaria 28 euroan jarriko dute; menuan, bi saltxitxa, ukondoa, patata purea, ogia, bi pitxer, postrea eta kafea sartuko dira. Nahi duenak, oilaskoa eta sajoniar erako txuleta ere izango ditu aukeran.
Errugbi eguna
Aurtengo edizioaren beste berrikuntzetako bat, iganderako antolatu duten Errugbi Eguna izango da. Hala, bazkari herrikoia egingo dute hilaren 28an. Elkartearekin harremana duten guztiak eta errugbizale guztiak bildu nahi dituzte egun horretan. Paella eta haragi gisatua emango dituzte, 15 euroren truke; haurrek eta gaztetxoek, berriz, 10 euro ordaindu beharko dute. Parte hartu nahi dutenek, aurrez erosi ditzakete sarrerak, Amonane eta Olano tabernetan.
Merchandising aldetik ere ahalegin berezia egin dute aurten, klubaren ikurra daraman produktu sorta ateratzeko. Azokak irauten duen egunetan salgai egongo dira.
Azoka bihartik igandera arte egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara. Igandean berriz, eguerdian irekiko dute, 12:00etatik aurrera.