Uda hasiera bikaina izan da, eta ekaineko azken feria jendez eta eguraldiari dagokionez ederki portatu da. Bertan bildutako lehen gibelurdin eta onddoak ere azaldu dira azokan.
Patxi AIerbe eta Mikel Lasa bertako lehen gibelurdin eta onddoekin
Euskal Herrian oso zabaldua den usadioa da garai bakoitza santuekin lotzearena. Halaxe du bere garaia sasoia zabaltzen duen sagar honek ere: San Joan sagarra esanez ezaguna dena. Puntual asko agertu dira plazan lehen aleak. Gabiriako Oñatibi txikiko Miren Agirrezabalak ondo aukeratu eta onentxuenak ekarri zituen atzo, baita Anoetako Maria Teresa Jauregik ere.
Jendeak gustuko duen sagarra dela dio Agirrezabalak: «Hori bai, laster jan beharrekoa da. Beti arbolari begira egon behar da, eta erori aurretik bildu, bestela ez du asko balio. Grazia dauka gainetik eta helduta jasotzen denean. Bestela, laster hasten dira erortzen edo arbolan bertan usteltzen». Bi euro terdi eta hiru artean kiloko zituen salgai, gereziekin batera. Hemengo sagarrekin urtea egin daitekeela aipatu izan dugu, eta atzo beste behin horren lekukotza jaso genuen. Mutiloako Barnaola baserrian «oraindik mordotxoen bat jateko moduan bada», aipatzen zuen bertako nagusiak. Errezila eta morkotxa edo mokotea baitira gehien irauten duten negu sagarrak, eta ondobidean, haiek bukatzerako San Joan sagarrak jateko prest izaten dira.
Eta negua aipatuz, landareei dagokionez, udazken negukoak prest dira; hala nola aza, azalora, brokolia, bruselaza, romaneskua, atxikoria, eskarola…
Bertako lehen aleak
Gutxi izan baziren ere, ikusmina sortu zuten bertako lehen gibelurdin eta onddoek. Txukun asko prestatuak ekarri zituen Patxi Aierbek: «Oso gutxi dago, 6 ordu ibili eta horiexek besterik ez, bakoitzetik kilo inguru», aitortu du. Udaberriko zizei dagokionez, baliteke azkenak atzokoak izatea. Lasarenean bakarrik zeuden aukeran, eta datozen bi asteetan oporrak hartuko dituztenez, ez dute posturik jarriko.
Lizarra edo elorria ateetan
Bestalde, San Joan eguna izanda usadio zaharrari eusten dionik bada, eta aipagai zen ferian lizarra edota elorria –ala biak elkarrekin– etxeko ateetan jartzeko ohitura, oraindik etxe askotan tinko mantentzen dena. Suaren inguruko sinesteei lotuta, hona Kontxi Aiestaran oreindaindarrak kontatua: «Erreumaren kontra egin behar da salto, eta sua bidegurutzeetan egin».