Beasaingo Orekan Bizi Naiz elkarteak III. Tximuziklo topaketa antolatu du astebururako.
Ez da izan orain arte Goierriko kaleetan ikus zitekeen irudirik ohikoena, baina gaur-gaurkoz arraroa ere ez da jendea gurpil bakarraren gainean batetik bestera ikustea. Aritz Zeberio (Ordizia, 1980) eta Lidia Hernandez (Bilbo, 1984) orain sei-zazpi urte hasi ziren monozikloan ibiltzen, eta pixkanaka eskola sortzen hasi dira. Urte hasieran ate irekien saio bat antolatu zuten Beasainen, eta harrezkero ikastaroak ematen ari dira Antzizar kiroldegian. Horrez gain, gaur zortzi hasiko den III. Tximuziklo monoziklo topaketaren antolaketa lanetan murgilduta dabiltza.
«Gure kasa hasi ginen monozikloan ibiltzen, eta Internet bidez Euskal Herriko beste talde batzuekin harremanetan jarri ginen, eta haiek antolatutako topaketara joaten hasi ginen», azaldu du Hernandezek. Iruñeko talde batek antolatzen zuen gertueneko topaketa, eta «arazo batzuk» direla medio bertan behera geratu zenez, Beasainen antolatzea erabaki zuten. Orain hiru urte egin zuten lehen ekitaldia, eta Tximuziklo izena jartzea erabaki zuten, mono eta tximu hitzekin jolas eginez. Ekintza horri ofizialtasuna emate aldera sortu zuten Orekan bizi naiz elkartea.
Topaketa gaurtik igandera izango da, eta Beasaingo gaztetxea izango da elkargune nagusia. «Aurreneko urtean 35 lagun elkartu ginen, iaz 40 bat eta aurten 50 izango garela uste dut. Burgostik, Kataluniatik, Valentziatik, Galiziatik… estatuko toki askotatik etorriko da jendea», adierazi du Zeberiok. Tartean izango dira ikastaroetan parte hartzen ari diren ikasleak ere. «Ikastaroak ematen hasi ginen eskatu egin zigutelako, eta harrera ona izan dute. Aurreneko ikastaroa egin zuten ia denek errepikatu egin dute, eta orain bi talde dauzkagu: hasi berriak astelehenetan elkartzen dira eta besteak ostiraletan. Gaztetxoak dira gehienak, baina 48na urteko bi lagunek ere ikasi dute monozikloan ibiltzen».
Herri kirolak berritasun
Aisia eta kirola uztartzea da topaketa honen helburu nagusia, eta zaletasun hau dutenen arteko harremanak sustatzea. Aurtengo egitarauren berritasun nagusia monoziklo gainean egingo diren herri kirolak izango dira: lokotxak, sokatira, txingak, harri-tiratzea… «Esan behar da lokotxak lurretik monozikloarekin oso erraz jasotzen dituen jendea badagoela, baita boligrafo bat ere. Hona etorriko direnen artean dezentek dute gaitasun hori. Asmoa herri kirolak eta monozikloa uztartzea da».
Zeberiok adierazi du beste kirol batzuk ere egiten direla monoziklo gainean, saskibaloia eta hockey-a kasurako, eta horren erakusgarri, herrigunera eramango dute aurten saskibaloi txapelketa, jende gehiago ingura dadin. Beste ekintza aipagarri bat Usurbe mendiko jaitsiera da. «Aurtengo jaitsiera Uzturretik egitea pentsatu genuen hasiera batean, baina logistika aldetik arazoak sortzen zituen, eta herrian bertan egitea erabaki dugu».
Hernandezen esanetan, gaztetxeak aukera asko ematen dizkie, elkartzeko «askatasun handia» ematen die, eta hori da aurtengo egitarauan ekintza asko ez sartzearen arrazoi nagusia. «Aurreko bi urteetan igarri dugu jendeak elkarrekin egoteko denbora askorik ez zuela izaten, eta horrelako topaketak kontuak esateko eta esperientziak partekatzeko ere badira».
Jendeak tximukeriekin lotu dezake monoziklismoa, baina Zeberiok kirol bat dela aldarrikatzen du. «Kirol bat baino gehiago dela esango nuke, aukera asko eskaintzen baititu. Petrechema menditik jaitsitakoak ere bagara». Diziplina asko ditu gainera –anglosaxoi izena dute gehienek–, eta kirol kantxetan, kalean eta natur eremuetan egin daitezke.
EGITARAUA:
- Ekainak 26, ostirala:
-16.00: Monoziklo Park-aren irekiera gaztetxean.
– 22:00: Tximuziklo jolasak.
- Ekainak 27, larunbata:
– 10.00: Usurbe mendiko gailurretik jaitsiera monozikloan.
– 16:00: Herri kirol monoziklistak San Martin plazan.
– 17:00: Saskibaloi txapelketa monozikloan La Salle ikastetxean.
– 19:00: Tximu Olinpiar Jokoak gaztetxean.
- Ekainak 28, igandea
– 10.00: Monoziklista Gladiadoreen III. Txapelketa Gaztetxean.
– 11:00: Trial txapelketa.
– 12:00: Gurpil handien errepideko itzulia Goierriko bidegorrietan.
– 14:00: Bazkaria eta bukaera.
Munduko Monoziklo Txapelketa egingo da 2016an Donostian
Ur handiagoetan sartuta ere badabiltza Orekan bizi naiz elkartekoak. Datorren urtean, uztailaren 28tik abuztuaren 7ra, Munduko Monoziklo Txapelketa jokatuko da Donostian, eta haien ardura da ekitaldi horren antolaketa eta koordinazio lana egitea. Txapelketa bi urtean behin egiten da. Orekan bizi naiz-ekoek iaz Montrealen (Kanada) egin zen lehiaketan aurkeztu zuten Donostiarako hautagaitza, eta irabazle suertatu zen .
«Bi urte eta erdi dira proiektu honekin hasi ginela, eta gure hautagaitza atera zenean oso pozik sentitu ginen. Momentuz oso ondo doa dena, baina egunez egun konturatzen zara kudeaketa lanak zenbaterainokoak diren. Federazioa gustura dago, eta horrek babesa ematen du», nabarmendu Aritz Zeberiok.
Unicon izena du monoziklismoaren inguruko nazioarteko topaketa garrantzitsuenak, eta Donostiakoa 18. edizioa izango da. Anoetako kirol instalazioak izango dira elkarguneak (belodromoa, Gasca eta Pako Ioldi kiroldegiak, estadio txikia…), eta monoziklismoko 40 kirol diziplina eta mundu osoko 2.000tik gora lagun elkartuko dira. Konbentzioari buruzko informazioa unicon18.com-en eskura daiteke.