«Bi gitarra sartuta talde indartsuagoa da orain Lain, rockeroagoa»
Duela hiru urte hasi zen Joseba de Arriba (Ordizia, 1982) Lain musika taldean gitarra jotzen. Aurretik Nuke taldean aritu zen. Metal musika ...
Duela hiru urte hasi zen Joseba de Arriba (Ordizia, 1982) Lain musika taldean gitarra jotzen. Aurretik Nuke taldean aritu zen. Metal musika egitetik pop egiten zuen talde baterako jauzia, handia bezain aberatsa izan da De Arribarentzat. Hirugarren diskoa kaleratu berria dute: ‘Tximeletak’.
Lain taldea Interneten, Youtubeko bideo bati esker egin zen ezagun. 2008an Euskadi Gazteako Maketa Lehiaketa irabazi zuen. Taldearen zein momentutan iritsi zinen zu?
Bigarren diskoa aterata zeuden, eta ez zuen halako arrakastarik izan. Gitarra jotzaile bat kanpora ikastera joatekoa zen eta bere ordezkoari deitu zioten. Momentu batean bi gitarrekin aritu ziren eta konturatu ziren indar gehiago hartzen zuela taldeak. Bigarren gitarra jotzaile bat hartzea erabaki zuten. Orduan sartu nintzen ni.
Erraza izan al zen ia osatutako talde batean lekua egitea?
Taldea inflexio puntu batean zegoen. Hasieran kosta egiten zen lekua bilatzea, familia batean sartzea bezala da eta talde batean sartzea. Bi gitarra jotzaileok metal taldeetatik gentoze eta gure ikuspuntuak sartzen joan ginen pixkanaka. Gure lokala izatea lortu genuen eta momentu garrantzitsua izan zen hori. Hazia orduan sortu zela esan daiteke. Oso talde lan polita izan da; bakoitza beretik eman eta jarri du. Diskoa denok sentitzen dugu gurea. Kohesioa eman diegu hamaika kantuei, osotasuna.
Nolakoa da Lain berria?
Talde indartsuagoa da, rockerogoa, gitarreroagoa. Indarra bilatu nahi izan diogu, baina oso melodikoa izaten jarraitzen du, bi nesken ahotsekin.
Hirugarren diskoari Tximeletak izena jarri diozue.
Sinbologia duen izena da tximeleta: lokalean sartu ditugun bi urteak irudikatzen du. Larban sartuta egoten da tximeleta hegan egiteko prestatzen.
Lana jendaurrera ateratzeko, zein kontzertu dituzue?
Pixkanaka ari gara kontzertuak lotzen. Igandean Donostian izango gara Gure Esku Dagoren ekitaldian. Asteasun, Villabonan… ere izango gara.
Lain hasi aurretik zertan ibili zinen?
Nire lehenengo talde formala Nuke izan zen. Gazteako maketa lehiaketako entzulearen saria irabazi genuen 2012an. Oso ondo ari ginen: gure kontura atera genuen diskoa eta kritika onak jasotzen hasi ginen. Baina «krisialdi» bat izan genuen eta uztea erabaki genuen.