Gaur eta bihar izango dira ekintza gehienak. Gorenaren epaiak eskualdeko hainbat elkarteren jarduera soziala eta politikoa «hankamotz» uzten duela salatu dute Beasainen.
Auzitegi Gorenaren sententzia salatzeko eta mobilizioak aurkezteko Beasainen egin duten agerraldia.
Joan zen astean Auzitegi Gorenak 35/02 sumarioaren epaiak Euskal Herriko 107 Herriko taberna eta elkarte isteko agindua eman ondoren, herriko tabernak defendatzeko mobilizioak egingo dituzte asteburuan herri ugaritan Libre mugimenduaren baitan. Goierriren kasuan, zortzi herritako herriko tabernei eta elkarteri eragiten dio epaiak, eta herriz herri mobilizazioak iragarri dituzte.
Hain justu ere atzo agerraldia egin zuten Beasainen Arrano taberna eta elkartearen itxiera agindua salatzeko. Mozio bat ere aurkeztu zuten udalean. Auzitegi Gorenaren sententziak «erakunde eta militante ezkertiar eta abertzaleak kriminalizatu» egiten dituela salatu zuten agerraldian, «eraman duten jarduera politiko soilarengatik».
Epaiketa eta ebazpen hauek «frustrazio eragile» izan arren, «herritarren ilusioarekin, bakean eta justizian oinarrituko den etorkizuna» eraiki nahi dutela azaldu zuten: «Herritarrok ilusioz gaude, eta bakean eta justizian oinarrituko den etorkizuna eraiki nahi dugu».
Herriko tabernak defendatzeko deia egin zuten eta defentsa horretara batzeko gonbita luzatu zieten herritarrei hedabideen bidez.
Beasaingo udalera eskaria
Atzo arratsaldean Beasainen egin zuten agerraldiaren ondoren, osoko bilkuran mozioa aurkeztu zuen Arrano elkarteak, eta hiru eskaera luzatu zizkion Beasaingo Udalari: «Espainiar Gorenak Arrano Kultur Elkartea desjabetzeko hartu duen erabakia irmoki salatzea; erabaki horren berri Espainiar Mahai Gorenari ematea eta erabaki bera eskualdeko komunikabideei jakinaraztea, argitaratu dezaten».
Arrano elkarteak mozioan jaso duenez, «13 urte luzez irekita egon den prozesu judizialak eta sententziak, erakunde eta militante ezkertiar abertzaleei, beren jarduera soziala eta politikoa aurrera eramateko baliabideak mugatu egin dizkie». Beasaingo Udalean aurkeztutako mozioan gaineratu dutenez, sententziak «ehunka kultur eragile eta bilgune sozio-politiko desjabetzeko ebazpenak eta aginduak, herritar askoren artean islada eta ordezkapena duen talde politikoa eta bere lan jarduera hankamotz uzten du».
Bailaran zortzi herriko taberna eta elkarteri eragiten die Gorenaren erabakiak, eta horiek noiz itxiko zain daudela, zortzi herrietan antolatu dituzte ekintzak datozen egunetarako ere. Nabarmentzekoa da Ordiziakoa, izan ere larunbatean egingo duten manifestaziorako herriko 30 tabernak elkartasuna adieraziz ateak itxiko dituzte, Garagardo Azokan ere geldialdia egingo dute.
Legazpin atzo arratsaldean egiteko ziren batzarrean adostuko zuten zein ekintza egin. Seguraren kasuan, berriz, San Joan jaien barruan egin dituzten ekintzei uztailean emango diete jarraipena.
Mobilizazioak
-
Zaldibia. Gaur, 20:00etan, herri harresi baten simulakroa egingo dute, Joxepane herrikoaren parean.
-
Ordizia. Bihar, 19:30ean, manifestazioa Plaza Nagusian hasita. Manifestazioak irauten duen bitartean herriko beste taberna batzuk ere itxita egongo direla jakinarazi dute Irrikitik.
-
Lazkao. Gaur, 20:15ean, mosaikoa plazan; eta 21:30ean afaria Antsoategi zubian (izena Herrikoan eta Oker tabernan eman behar da). Uztailaren 3an 20:00etan, manifestazioa egingo dute herriko kaleetan zehar.
-
Urretxu-Zumarraga. Etzi, 19:30ean, triki poteoa Urretxuko Aldiri tabernatik Zumarragako Amalur elkartera. Ondoren, erromeria egingo dute Amalur elkartearen kanpoaldean.
-
Beasain. Bihar, 12:00etan, giza katea Arranon hasita eta 23:30ean karaokea Arranon.