Ezkio-Itsasoko Santa Lutzia-Anduagan eta Beasaingo Arriaranen ekitaldi ugarirekin ospatuko dituzte
Jaiak dira asteburuan Ezkio-Itsasoko Santa Lutzia-Anduaga auzoan
Ezkio-Itsasok auzoak edo herriguneak adina festa ditu. Urtean zehar sei jaialdi izaten dituzte, gutxienez: maiatzeko San Migel Ezkion, Madalena Alegian, San Bartolome Itsason, Santa Ageda Matxinbentan, iraileko Andre Mari Kizkitzan, eta San Pedro Anduaga-Santa Lutzia auzoan. Azken gune horretan, gaur hasiko dira jaiak, astelehenera arte.
Lehiaketak askotarikoak izango dira: musekoa gaur (20:30), tokakoa bihar (19:00), eskolarteko txirrindularitzakoa (11:00) eta futbolekoa (12:30) igandean, eta junior mailako Santa Lutzi Saria.
Jubenilen txirrindularitza proba bihar 16:00etan hasiko da, Santa Lutzia auzoan. Anduaga elkarteak 81,7 kilometroko ibilbidea prestatu du, eta Igartubeiti baserri-museo parean bukatuko da, Ezkio bidean, 18:00etan. Tartean, Eitzaga, Atagoiti eta Gabiria igo beharko dituzte juniorrek, ibilbide gogorrean.
Tripa festarik gabe, jairik ez. Santa Lutzian hainbat hitzordu jarri dituzte egitarauan, mokadutxo bat eginez, lagunartean egoteko. Gaur, adibidez, patata-tortilla lehiaketa (19:00) eta pintxo-poteoa (20:00) egingo dituzte. Bihar herri afarian bilduko dira, auzoko plazako karpan. Helduen afariak 20 euro balio du, 12 urtez beheko haurrenak 12 euro.
San Pedro egunez, astelehenean, meza (11:00), Goruntz dantza taldearen saioa (12:00), lunch-a (12:30) eta ume jolas, puzgarri eta txokolate jana (17:00) daude.
Arriaranen hiru egunetan
Arriarandarrek larunbatetik astelehenera bitartean ospatuko dituzte San Pedro jaiak. Auzoa ezagutzeko, ezagutarazteko eta une oro ekitaldiekin gozatzeko prestatu dute egitaraua.
Bihar, 10:00etan, adineko pertsonen ibilaldi neurtua izango da, Aizkorri mendizale elkartearekin. Beasaindik Arriaranera joan-etorria egingo dute. 18:00etan pilota partidak, 21:00etan Arriantxoren erreketa, eta 21:30ean sagardo txotx irekiera eta Matxain eta Urdangarin trikitilariak izango dira.
Igandean, 17:00etan, dantza eta trikiti jaialdia antolatu dute. Astelehenean, San Pedro eguna, 12:00etako meza izango da juntadizorako ordua. Hamabietakoa aterako dute ondoren. Herri kirolak ikusi, eta 14:30ean herri bazkaria dago. Mus, puntu eta toka lehiaketak, eta haur jolasak 17:00etatik aurrera dira.