Ordizian egun osoko jaia izango dute aurten igandean. Beasaingo Ezkiaga auzoan jaiak ospatuko dituzte bihar eta etzi.
Erromeria egingo dute Ordizian San Pedro bezperarekin sua piztu aurretik
San Joan bezperan sua piztearen ohiturari, San Pedro bezperako usadioa gehitzen diote ordiziarrek. Igandean izango da ekitaldia, Amets Bide kultur elkarteak antolatuta. Garagartza plazan egingo dute meta, eta 22:00etan emango diote su. San Pedro bezperan egun osora zabalduko dute festa, igandea izanda. 12:30ean dantza saioa izango da. Lau dantza taldek parte hartuko dute ikuskizunean: Anitz (Anoeta), Oin-Arin (Lazkao), Alur (Ibarra) eta Ordiziako bertako Amets Bide.
Arratsaldean, 17:00etan, VIII. Patata Tortilla Lehiaketa egingo dute. Tortillak etxean eginda eraman behar dira, 16:30erako. Ondoren, Txertu taldearekin erromeria izango da. Igandean zirkulazioa moztu egingo du Udaltzaingoak, Gararagartza plazan, autobusena barne. Bestetik, bizikleten eta patineteen erabilera kontrolatuko dute udaltzainek.
Sua Ezkiagan ere
Bihar eguerdian hasiko dira auzoko festak Beasaingo Ezkiagan. 13:30ean Kamikaze txaranga irtengo da kalera, eta 14:30ean paella jate herrikoia dago, frontoian. Txartelak Ezkiagako komertzioetan eros daitezke, 5 euroan. Bazkal ondorako «ustekabekoa» ere prestatu dute antolatzaileek. Txaranga, umeentzat txokolate jana (18:00) eta buruhandiak (19:30) izango dira.
Bigarren egunerako, iganderako, 10:30etik 13:30era eta 15:30etik 17:30era puzgarriak izango dituzte haurrek, Oriako Pasealekuan. Eta 18:00etan apar festa; bainujantzia eta betaurrekoak behar dituzte umeek. Festak igandean bukatuko dira. Iluntzean, buruhandiak eta txistulariak aterako dira. Sardinak eta txistorra banatu (20:00), eta San Pedro bezperako sua piztuko dute 22:00etan.