
Eguerdian Arrano taberna eta elkartearen itxiera agindua salatzeko giza katea egin dute Beasainen. Jende askok parte hartu du. Arranotik Bideluzera joan dira eta, ondoren, atzealdetik Kale Nagusira itzuli dira. Handik geltoki aldera joan dira. Ibilaldia Arranon bukatu dute, txalo zaparrada artean.
Goierrin zortzi herriko taberna eta elkarteri eragiten die Auzitegik Gorenaren erabakiak. Zaldibian, Ordizian, Lazkaon eta Urretxu-Zumarragan ere itxiera aginduaren aurkako ekitaldiak antolatu dituzte. Zaldibian atzo herri harresi baten simulakroa egin zuten. Lazkaon, berriz, mosaikoa eta afaria egin zituzten. Uztailaren 3an, 20:00etan, manifestazioa egingo dute.
Ordiziako ekitaldia gaur arratsaldean izango da: 19:30ean manifestazioa egingo dute, plazan hasita. Manifestazioak irauten duen bitartean, herriko 30 taberna itxita egongo dira. Urretxu eta Zumarragako ekitaldia bihar izango da. 19:30ean bertso-triki-poteoa egingo dute Aldiri tabernatik Amalur elkartera. Bertan, erromeria egingo dute.
Manifestazioa, Ordizian
Gorenaren erabakiaren aurka kalera atera dira gaur iluntzean Ordizian ere. Manifestazioa egin dute erdiguneko kaleetan zehar eta guztira 400 bat lagun elkartu dira. Herriko taberna askok, gainera, elkartasun keinu gisa ateak itxi dituzte protestak irauten zuen artean.
