Ohiko ekintza da Santa Lutzi Saria Santa Lutziako jaietan
San Pedro jaietan murgilduta dago Ezkio-Itsasoko Santa Lutzia-Anduaga auzoa atzotik, eta egitaraua astelehenera arte luzatuko da. Atzo ‘Altxorraren bila’ jokoa, tortila-patata lehiaketa eta mus txapelketa izan zituzten; gaurkoan txirrindularitza, toka eta herri afaria nagusituko dira.
Junior mailako txirrindularientzako Santa Lutzi Saria izango da gaur jokoan, Anduaga elkarteak antolatuta. Arratsaldeko 16:00etan emango diote irteera lasterketari Santa Lutzia auzoan bertan, eta 81,7 kilometroko ohiko iblbidea egin eta gero, tartean Eitzaga, Atagoiti eta Gabiriako mendateak igota, 18:00ak inguruan iritsiko dira ziklistak Igartubeiti parean ezarritako helmugara. Antolatzaileek Espainia osoko 60-80 txirrindulariren partehartzea espero dute. Sari-banaketa Santa Lutzia auzoan egingo da.
Ez da hau San Pedro jaietan egingo den txirrindulari froga bakarra, biharko egunerako eskola arteko lasterketa dagoelako iragarrita. Goizeko 11:00etan da zita. Anduagakoek Goierri Kirol Elkarteko kideen laguntza izan dute honen antolaketan.
San Pedro egunaren ospakizuna
Bihar, txirrindularitzaz gain, futbol partida ere izango dute, 12:30ean. Jaiak San Pedro egunean bertan amaituko dira, astelehenean. Auzoko zaindariaren omenezko meza emango dute 11:00etan, eta gero, Goruntz dantza taldearen saioa izango da 12:00etan, lunch-arekin amaitzeko goizeko ekitaldiak. Arratsaldean ume jolas, puzgarri eta txokolate jana egongo dira 17:00etatik aurrera.