Mundubi tailerra gaur eraitsiko dute, bidegorrian sortzen duen oztopoa kentzeko
Lazkaotik Beasainera bitarteko bidegorriaren erdian dagoen Mundubi deituriko tailer zaharra botatzeko lanak gaur goizean hasi dituzte. Hiribarren 17ko eraikina oinezkoen eta bizikletarien bidearen erdi-erdian geratu zen, 2011ko ekainean ireki zutenean. Eten egiten zuen pasabidea, eta espaloia estutu. Oztopo hori kentzeko, etxea botako du Lazkaoko Udalak.
Hainbat erabilera izan ditu industri eraikinak. Albisu familiaren tailerra izan zen. Zepillu fabrika, tailer mekanikoa, argindarra uraren indarrez sortzeko turbinak… egon izan dira. Azken urteetan, autoen tailerra egon izan da, Mundubi izenekoa, eta horrela ezagutu izan da azken aldian.
Eraisketa lanak egin bitartean, oinezkoek eta txirrindulariek bidez beste aldeko espaloia erabili behar dute. Autoentzat, berriz, Lazkao-Beasain norantzan biribilguneko bidegurutzean moztuko dute pasoa. Beasain-Lazkao norantza irekita mantenduko dute, baina saihesbidea erabiltzeko gomendatu du udalak, zenbait unetan errepidea erabat itxi beharko dutelako.