Sabino Legarda-Ereñok angelusa errezatu du aterpean. Lauzpabost lagun bildu dira ekitaldira. Artola pasiotarrak idatzitako liburuak eta Ama Birjinaren estanpak banatu ditu
Sabino Legarda-Ereño atzo angelusa errezatzen Ezkioko Ama Birjinaren aterpean
Gaur 84 urte bete dira Ezkioko Anduaga zelaian Antonia eta Andres Bereziartua arreba-anaiek ustez Ama Birjina haritz artean ikusi zutela. Ama Birjinari egindako aterpean ekitaldia egin dute gaur bertan eguerdian Sabino Legarda-Ereño legazpiarrak gidatuta. Lauzpabost lagun bildu dira eta angelusa errezatzen eman diote hasiera ekitaldiari.
Otoitz egin eta gero, Antonio M. Artolak idatzitako Ezkioga liburuaren pasarte bat irakurri du Legarda-Ereñok. Aurretik, Artola pasiotarra ezagutu zueneko pasartea gogora ekarri du, «ez dut kasualitateetan sinisten, kausalitateetan baizik».
Artolak liburuan dioenez, garai hartan Goierrin beste inon baino indartsuagoa zen fede kristaua. «Zaila da imajinatzea Ezkio bezalako herri txiki batean 70.000 lagun inoiz elkartu izana eta bere oihartzuna mundu osora zabaldu izana».
Irakurritako pasartean 1931ko ekainaren 30ean ustez jazotakoa idatzita utzi du pasiotarrak. Istorioa honezkero aski ezaguna da. Haur biek Ama Birjina ikusi zuten ustez eta albistea zabaldu egin zen. Orduz geroztik erromes leku bilakatu zen. Pasiotarraren arabera, 1931ko uztaila eta abendu artean milioi bat erromes iritsi ziren Anduagara.
Artolaren ustez, Ezkion gertatutakoak duen balioa ume bi haiek utzitako mezua da: «Otoitz publiko eta komunitarioa gatazka handien konponbiderako. Orain 80 urte gatazka Errepublika zen, egun borrokatu beharreko etsaia kristautasun eza da. Goitik datozen mezuak betierekoak dira, lehenengo harrera degradatua izan bazen ere, aukera bat dago berriz entzuteko».