Goierrin 'herriko tabernak' itxita 29 lanpostu galduko direla diote langileek
Beasaingo Lanbideren aurrean egin dute agerraldia Goierriko 'herriko tabernetako' langileek. Arduradun politikoei tabernen lapurreta ekidin eta lanpostuak defendatzeko eskatu dieteLazkaoko, Beasaingo, Ordiziako, Zaldibiako, Segurako eta Zumarragako her...
Beasaingo Lanbideren aurrean egin dute agerraldia Goierriko ‘herriko tabernetako’ langileek. Arduradun politikoei tabernen lapurreta ekidin eta lanpostuak defendatzeko eskatu diete
Lazkaoko, Beasaingo, Ordiziako, Zaldibiako, Segurako eta Zumarragako herriko tabernetako eta elkarteetako langile ordezkaritza batek prentsa agerraldia egin zuen atzo. Beasaingo Lanbideren bulegoaren aurre aldea aukeratu zuten agerraldia egiteko, herriko tabernak itxita, beraien lantokiak itxi eta langabezian geratuko baitira.«Auzitegi Gorenak herriko tabernak ixteko emandako epaiak lokalak konfiskatzeaz gain, gure kaleratzea ere badakar, ehundik gora dira Euskal Herrian desagertuko diren lanpostuak», salatu zuen Anitz Eskisabelek herriko tabernetako langileen izenean irakurritako agirian. Goierriren kasuan, zehazki, zuzeneko 29 lanpostu galduko direla aurreikusi dute.
Egoera horren aurrean, «orain arte ez diogu inori entzun gure langabezia egoeraren salaketarik!», salatu nahi izan zuten. Baina, «langileen eskubideak zer?», galdetu zuten.
Era berean, herriko tabernen itxierak eskualdeko beste hainbat enpresei ere eragingo dietela azpimarratu zuten: «Besteak beste, herrietako hainbat komertziok eta edarizaleek ere bezero asko galduko dituzte».
Era horretan, arduradun politikoei mezua luzatu nahi izan zien: «Arduradun politikoengandik diskurtsoa besterik ez dugu entzuten, langabeziaz arduratuta omen daude, aktibitate ekonomikoa nola handiagotu neurriak hartzen omen dituzte… Ba hala bada, gure egoera mahai gainean jartzen dugu herriko tabernen lapurreta eman ez dadin pausoak eskatuz».
Herrietako bizitzaren parte
Langileek azpimarratu nahi izan zutenez, ondotxo dakite beraien lantokiak ez direla «edozein lantoki». Izan ere, «auzolanean, izerdiz eta esfortzuz altxatu diren tabernak eta elkarteak dira. Ehunka herritarrek beren poltsikoetatik dirua jarri, erortzear zeuden eraikinak erosi eta lan pila bati esker sortutako bilguneak izan dira».
Herrietako bizitzan, gainera, parte garrantzitsu izan direla azpimarratu zuten: «Bai tabernek eta bai elkarteek ohiko zerbitzuak gainditu egin dituzte eta herrietako bizitzan presente egotea lortu dute hainbat eta hainbat ekintza kulturalei esker». Zenbait adibide ekarri zituzten gogora: «Bertso txapelketak, pintura lehiaketak, Astotxo eguna, Mariren jaitsiera, mus txapelketak…».