Kukua bakarrik mututu da
Kukua 'Sanjosetan' kantari hasi eta 'sanpedroetan' mutu geratzen da, esaerak dioenez. Jaietan diren herriek eta auzoek ozen ospatu dute asteburua. Egun lasaiagoa zuten atzo, baina festanEguzkiak goietan su egin aurretik plazan ziren, atzo, Ezkioko Sant...
Kukua ‘Sanjosetan’ kantari hasi eta ‘sanpedroetan’ mutu geratzen da, esaerak dioenez. Jaietan diren herriek eta auzoek ozen ospatu dute asteburua. Egun lasaiagoa zuten atzo, baina festan
Eguzkiak goietan su egin aurretik plazan ziren, atzo, Ezkioko Santa Lutzia auzoko bizilagunak. 11:00etan zen meza, eta goizaren freskotasun atseginak kalean bueltatxo bat eginez joateko gonbita luzatzen zuen. San Pedro eguna ospatu zuten santalutziarrek, atzo, Mutiloan eta Arriaranen bezala.Goruntz dantza taldearen saioa ikusi, eta hamaiketakoa janez goratu dute Santa Lutzia-Anduaga auzokoek zaindariaren eguna. Santa Lutzi Zahar udaletxe berriaren aurrean karpan hamarka herritar eta inguruko elkartu dira, mahai luzean. Euritik ez, eguzkiaren itzalpea bilatzen zuten, eguerdirako.
Ostiralean hasi ziren festak. Patata-tortilla lehiaketara 14 arrautzopil aurkeztu zituzten. Onena Montse Gonzalezek egindakoa aukeratu zuten epaileek. Bestetik, haurrentzat Altxorraren bila jokoan Kevin Gonzalez iloba izan zen iaioena. Gauean, mus txapelketa Benantzio Azurmendi eta Martin osaba-ilobek irabazi zuten, Iñaki Arratibel eta Joxemari Zumarragarekin azken buruz burukoan. Jose Angel eta Luis Mari Torres aita-semeak izan ziren hirugarren. 13 bikotek parte hartu zuten.
Junior onena, Aramendia
Larunbatean, toka lehiaketa herrikoia Antonio Amundarain ibartarrak irabazi zuen (12), Jesus Olano eta Ino Ugarteburu ezkiotarra (8narekin) jarraian zirela. Emakumeetan onena Mariaje Olano (7) izan zen. Berritasun gisa, eta aukerak parekatze aldera, denek 9 metrotik bota zuten.
Bestetik, Santa Lutzi Saria junior mailako txirrindulari proban Eneko Aramendia (Quesos Albeniz) suertatu zen garaile, 2:02:44 orduko denborarekin. Carlos Ruizek (Lizarte) eta Ander Amonarrizek (Andoaingo) osatu zuten podiuma.
Sagardotik paellara
Mutiloan, azkeneko 23 urtean ohitura denez, bisitari uholdea hartu zuten ostiralean, sagardoa edateko. Arrats eta gau jendetsuak izan ziren. Hutsik egin gabe, Joselu Anaiak taldeak girotu zuen plaza. Festak bezperan hasiak zituzten, patata-tortilla lehiaketarekin. 18 partaideren artetik, Joxe Arotzenak eta Maria Angeles Telleriak egin zuten onena, saria bereganatuz.
Larunbata lasaixeago baina giro bikainean igaro ondoren, igandea herri kirol ikuskizunetarako zeukaten, besteak beste. Buruz buruko pilota finalak ikusle batzuk kendu zizkion erakustaldiari, baita Arriarango erromeriari ere, ordu berean izaki. Goruntzen dantza saioa eta bola lehiaketa ere izan ziren.
Atzo, berriz, 85 lagun elkartu ziren Gurruntzain pilotalekuan, herri bazkariko paella jateko. Arratsaldean banatu zituzten Mutiloa gaitzat zuen argazki lehiaketako sariak. Helduetan Iñigo Muñoak jaso du lehen saria, eta gazteetan Ainhoa Goñik. 25 herritarrek parte hartu dute.
Arriaranen ere agur jaiei
Arriaranen meza eman ondoren, Santos Beloki apaiza Mutiloarako bidean jarri da, presaka. Han ere meza eman du, gero. «Lan asko dugu gaur, baina gustura egiten dena», zehaztu du. «Bakoitzak bere enkarguak egin ditzala», bota du adineko emakume batek, Intxaurpe elkarteko hamaiketakora bidean. Azkeneko egunean, herri bazkaria egin zuten arriarandarrek, atzo; 65 lagun elkartu ziren, pilotalekuan. «Aste eguna egokitzen denean gehiago izaten gara, 85-90 bat lagun», zioen festa antolakuntzako Iñaki Aranburuk.
Beasaingo lau txistularik girotu zuten eguerdia. Udal ordezkariek ere bisitatu zuten auzoa, Aitor Aldasoro alkate berria buru zela. Elkartean zen Ander Geresta euskal preso ohia ere, hilaren 6an libre geratua, auzokideen agurrak eta bostekoak jasoz —Arriarango jatorria du—.
Bazkal aurretik, aizkoran jardun ziren Azurmendi arriarandarra, Arrospide, Dorronsoro eta Urteaga. Jaien azken kolpeak ziren, Sanpedroak mutu uzteko.