«Niretzat, hamarrekoa izan da denboraldia»
Urtebete egin du Beasain Kirol Elkarteko presidente karguan Iñigo Arresek (Beasain, 1964). Joan den asteko urteko batzarraren ondotik, datorren denboraldiari begira klubak dituen erronkei buruz hitz egin du.Maila pertsonalean zer moduzko urtea izan da...
Urtebete egin du Beasain Kirol Elkarteko presidente karguan Iñigo Arresek (Beasain, 1964). Joan den asteko urteko batzarraren ondotik, datorren denboraldiari begira klubak dituen erronkei buruz hitz egin du.
Maila pertsonalean zer moduzko urtea izan da zuretzat? Nola bizi izan dituzu partidak presidente kargutik?Gazte mailara arte Beasainen jokatutakoa naiz, bazkidea ere banaiz, eta lau urte daramatzat klubaren egituran. Lehen bi urteetan kimu eta haur taldeen delegatu izan nintzen. Hirugarrenean zuzendaritzan sartu nintzen, eta iaztik presidente naiz. Beharbada, denboraldi honetan 3. mailako taldearekin harreman gehiago izan dut, eta lau-bost partida ez direla denak segitu ditut, eta beste taldeenak ahal izan dudan neurrian. Partida erabakigarriak egon direnean, gehiago sufritu dut zale bezala presidente bezala baino.
Lehen taldeak bosgarren bukatu du liga erregularra, eta igoera fasearen atarian geratu da. Balorazioa ona izango da, ezta?
Beasainek 8-9 urte egin zituen 2. B mailan, eta urteroko erronka da igoera faserako sailkatzea. Denboraldi hasieran kezka bagenuen, 18 fitxa genituelako bakarrik, eta talde motza delako 3. mailarako. Preferentean-eta ari zirenak deialdietan sartzea zen helburua, etxean hazitako mutilak. Beasainen helburuen artean dago Beasain izan dadila, ahal den neurrian, Goierriko jokalariz osatutako Goierriko talde bat. Hor guk eman behar ditugu pausuak lehenengo.
Etxeko zenbat jokalari ditu bada taldeak?
Lau. Haritz Imaz eta Xabier Jimenez zeuden lehendik, eta Erregionaleko taldetik Jon Iglesias eta Iñigo Izagirre igo ziren. Urtzi Arrondo entrenatzailea ere herrikoa da, eta Imanol Camino bigarren entrenatzailea kadeetatik igo genuen. Aldaketa batzuk gora behera, bloke berak eta egitura tekniko berak jarraituko dute. Poza ematen dit horrek, ikusten dudalako jendea pozik dagoela eta Beasainen jarraitu nahi duela. Niretzat, denboraldia hamarrekoa izan da, eta hamaikakoa izango zatekeen igoera fasera sailkatu izan bagina.
Loinatzen ondo aritu da taldea, 11 partida irabazi, 7 berdindu eta bakarra galduta, eta kanpoan ere emaitzak txukunak izan dira. Zaleak gustura egongo dira behintzat.
Kanpoan galdutako partidak arraroak izan dira, eta denetan mingarriena Balmasedan 5 eta 2 galdutakoa. Irudi kaskarra eman genuen, baina partida hartatik aurrera erreakzionatu egin genuen. Etxean galdutakoa Oiartzunen aurkakoa izan zen.
Eta preferenteak maila galdu du. Ze analisi egiten duzue?
Pena handia izan da bai, uste genuelako mailari eusteko taldea bagenuela. Ez zuzendaritza batzordeak, ez kirol zuzendaritzak, ez entrenatzaileek eta ezta jokalariek ere ez dugu jakin egoera horri buelta ematen, ez dugu asmatu erreakzionatzen.
Ohorezko jubenil edo gazte mailakoak, berriz, Euskal Ligara igo dira?
Bai, eta gazte mailako beste taldea 1. mailan aritu da. Bi talde edukita, jokalari gehiagori egin diezaiokegu fitxa. Ohorezko jubenilak maila berrian arituko dira, eta 1. mailan geratuko direnekin jarraikortasuna egotea bermatu nahi dugu.
Eta kadete mailako taldearen jaitsierari buruz zer?
Azkenekoak gelditu dira, baina probabilitateen barruan sartzen zen. Euskal Liga EAE mailako liga gorena da, eta Reala, Athletic, Alaves eta Eibar daude tartean. Hortik behera, infantil edo haur mailakoak ondo aritu dira, eta kimu mailak Txapeldunen faserako sailkatu dira, eta horrek esan nahi du orain gutxi arte urruti ikusten genituen talde batzuetara gerturatzen ari garela.
Futbol eskola ari al da fruituak ematen?
Gure bidea da futbol eskolan aritzen direnekin beste urrats batzuk egitea. 150 haur inguru dabiltza. Lanean ari den jendea oso metodikoa da, eta taldeko kirolen balioak transmititzen dizkiete haurrei. Sendotzen ari da eskola, eta emaitzak emango dizkigu, seguru nago.
Neskek taldeak ere badituzue, eta kadete eta gazte mailako taldeek Goierri izenarekin jokatzen dute, Ampok babestuta.
Haur mailako taldea F-8an aritzen da, eta neska seniorrak Euskal Ligan aritzen dira. Guk kadete eta gazte mailako talderik ez genuen, eta Lazkao ere arazoekin zebilen. Bi talde horiek bat egin, eta Goierri bezala jokatzen dute, Lazkaon.
Irantzu Aizpuruaren heriotza denboraldiko une ilun eta gogorrenetakoa izango zen.
Zailena inondik inora, eta oso gogorra. Irantzu taldearen arimatako bat zen, eta harrigarria da taldekideek nola buelta eman zioten egoerari, eta aipagarria da entrenatzaileek-eta nola kudeatu zuten egoera. Talde egina da neskena, eta partida hura jokatzeko izan zuten meritua txalotzekoa da.
Joan den ostegunean egin zenuten urteko batzarra? Aurrekontu eta fitxa aldetik zein da klubaren egoera?
Denboraldia 4.000 euroko soberakinarekin bukatuko dugu, baina iaz 8.000 euroko defizitarekin. 300.000 euro inguruko aurrekontuarekin gabiltza, Loinatz eta Igartzako zelaien kudeaketa eta mantenua kontuan hartuta. Berez, klubaren egituraren eta taldearen aurrekontua 200.000 euro ingurukoa da. Eta fitxak, berriz, 250 inguru izango dira. Horri gehitu zaio entrenatzaile, zuzendaritza, futbo eskola… Denera 450-500 pertsona inguru ibiliko gara astero-astero Beasainen futbolaren inguruan.
Nesketan bezala, mutiletara ere zabal al daiteke elkarlana?
Ni konbentzituta nago azkenean zerbait egin beharko dugula. Ordiziak guk adina jende mugituko du, eta Lazkao, Idiazabal eta Segura ere hor daude. Herri horiek batuta 30.000 biztanle gara, eta denera 2.000 lagun gabiltza futbol munduan. Horrekin ez dut esan nahi Beasain izan behar duenik erreferente nagusia. Goierrin dagoen adibide garbiena errugbia da, eta txirrindularitzan ere bat egin dute.
Loinazko zelaiaren inguruan zerbait aurreratu al duzue?
Gauza handirik ez. Zelaian zuloak egin, eta belar hazia eta harea bota ditugu… Nik oso garbi daukat zer egin beharko genukeen.