Aintziñe okindegiko Ane Mujikak ‘Harri goxoak’ postrea sortu du herriaren 400. urteurrenaren harira, Ormaiztegiko harrikalariei erreferentzia eginez. Herriko postre ikurra bilakatzea nahi dute.
Harri itxura du ‘Harri goxoa’ postreak, Ormaiztegiko harrikalariei erreferentzia eginez. / Maialen Igartua
Beste hainbat herrik bezala, Ormaiztegik ere badu dagoeneko bere
postre ikurra:
Harri goxoak. Herriaren 400. urteurreneko ekitaldiak antolatzeaz arduratu den batzordeak izan zuen postrea sortzeko ideia, eta Aintziñe okindeko Ane Mujikari egin zioten proposamena. Igandean aurkeztu zuten.
Harri itxura eman nahi izan diote postreari. Izan ere,
harrikalariak deitzen diete ormaiztegiarrei, trenzubiaren alde batetik bestera harria botatzeko usadio zaharragatik. Bestalde, intxaur zatitxoak ere baditu pastelak barruan, harriaren gogortasuna emateko. Garai bateko harrikalari haiek omendu nahi izan dituzte hala.
Hostorezko oinarria, intxaurrak, eztia…
Hiru bat hilabetez egin du lan Mujikak postrea sortzeko. «Hainbat proba egin ditut, eta batzordekoei aurkeztu nizkien proposamen batzuk, probatzeko; hau da aukeratu zutena», azaldu du. Hostorea, arrautza, azukrea, intxaurrak, eztia, gurina eta kanela dira Harri goxoen
oinarrizko osagaiak. Izena harriarena badu ere, biguna eta guztiz zaporetsua da Ormaiztegin sortutako postrea.
Mujikak azaldu duenez, postreak bi baldintza bete behar zituen, harri itxura izateaz gain: alde batetik bestera garraiatzeko modukoa izatea eta irautea. Hori dela eta, ez du esnegainik edo halako osagairik erabili, osagai iraunkorragoak baizik.
Igandean herritarrei aurkeztu zieten postrea, eta gustatu zitzaiela adierazi du Mujikak. «Baditut hainbat eskari dagoeneko». Bestalde,
Aintziñe okindegian egunero egongo dira salgai. Laster izango dituzte pastel hauentzako egindako kaxa berezi batzuk ere prest.
Aintziñe okindegiko Ane Mujikak sortu du postrea. / Maialen Igartua