Ordiziako Barrena jauregia munduko nanomagnetismo eta espintronika fisika-arloen bilgune nagusi da, egunotan. Atzo arratsean hasi zen Nazioarteko II. Kongresua, eta ostiralera arte jarraituko du. Adituak mundu osoko unibertsitate, laborategi eta teknologia-enpresetatik etorri dira. Kongresuan batik bat magnetismoaz, nanoteknologiaz, espintronikaz eta horiek dituzten aplikazioez hitzaldiak egingo dituzte.
Irekiera ofiziala gaur eguerdian izan da. Albert Fert frantziarra eta Peter Grünberg alemaniarra izan dira gonbidatu nagusiak. 1988an magnetoerresistentzia erraldoia aurkitu zuten. Fisikaren ahalmen horrekin, gailu digitalek izugarrizko garapena izan dute: disko gogorretan espazio txikiagoak geroz eta gigabyte gehiago biltzea ahalbidetzen du teknologia horrek, gailuen neurria txikituz, aldi berean. 2007an fisikako Nobel saria jaso zuten biek.

Mario N. Baibich, Julian Gonzalez, Peter Grünberg eta Albert Fert fisikariak, gaur, Ordiziako udaletxean./Aimar Maiz
Ordiziako Udalak oroigarri bana eman diete bi fisikariei, aurretik. Baita Mario N. Baibich argentinar ikertzaileari —Ferten taldekoa zen magnetoerresistentzia erraldoia aurkitu zutenean— eta kongresuaren antolatzaile eta EHUko irakasle Julian Gonzalez ordiziarrari ere. Herriko Ohorezko Liburuan sinatu dute laurek, udaletxeko batzar aretoan.

Lau zientzialariak Ordiziako udaleko kideekin, plaza barrenean. /Aimar Maiz
Ondoren, Barrenara joanda, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek eta EHUren errektore Iñaki Goirizelaiak ere parte hartu dute inaugurazio ekitaldian, Ordiziako alkate Jose Miguel Santamariarekin batera. Baibichek, Fertek eta Grünbergek hitzaldi labur bana egin dute. Fisikak zientziari ekarri dizkion aurrerapen “harrigarriak” goraipatu dituzte, eta zientziak gizartean duen papera aldarrikatu.

Kongresuaren irekiera ofizialean, agintariekin, Barrenan./Aimar Maiz
Nanomagnetismoari buruzko kongresua ostiral eguerdira arte izango da, goiz eta arratsalde. Barrena jauregiko areto nagusia ikertzailez, zientzialariz eta adituz mukuru bete da.

Kongresuan parte hartzen edo jarraitzen ari diren ikertzaileak, zientzialariak eta adituak./Aimar Maiz