Goiekik eta Aranzadi zientzia elkarteak elkarlanean egingo dute.Agauntza eta Urtsuaran erreketan ere egingo dituzte lanak.
Landare inbaditzaileak erauzteko lanak hasiko dituzte datorren astean.
Bertakoak edo autoktonoak ez diren landareei, beste herrialde batzuetatik ekarritakoei, deitzen zaie landare inbaditzaileak. Lorategiak apaintzeko erabili izan diren hainbat landare adibidez (
Fallopia japónica, Helianthus tuberosus, Cortaderia Selloana eta Buddleja Davidiia), landare inbaditzaileak dira.
Arazoak sortzen ari da Goierriko ekosisteman, espezie inbaditzaile horien presentzia oso nabaria baita, batez ere ibai ertzeetan. Olaia Mendoza Goiekiko ingurumen teknikariak jakinarazi duenez, arriskutsuak dira espezie horiek, «bertako biodibertsitatearen, ekosistemaren eta habitat naturalaren galeran eragiten duelako».
Izan ere, bertako espeziekin lehiatzen dira elikagaiak lortzeko borrokan eta pixkanaka-pixkanaka bertako landaredia ordezkatzen lortzen dutenean, ekosistema eraldatzea lortzen dute. «Azkar hedatzen dira landare inbaditzaileak. Ugalketa ziklo laburrak dituzte eta bertako landareak baino askoz ere azkarrago hazten dira», zehaztu du Mendozak. Ondorioz, «elikagaiak lortzeko borrokan handienak irabazten du eta ekosistemaren funtzionamendua aldatzen dute».
Proiektuaren erronkak
Arazoari aurre egiteko helburuz, datorren astean, Oria ibaian eta Agauntza eta Urtsuaran erreketan egingo dituzte landare inbaditzaileak kentzeko edo erauzteko lanak. «Eskualde osoan daude baina ibaietakoak erauzteko diru laguntza lortu dugu», argitu du Mendozak. Gainera, ibai ertzeetan gehiago hazten dira «uraren gertutasunagatik eta uraren ertzeetan dagoen mikroklimagatik».
Erauzketa lanak egitearekin batera, «Goierriko habitat naturalak eta erdi naturalak lehengo egoerara ekarriko ditugu». Goiekik Aranzadi zientzia elkartearekin batera egingo duen egitasmoa da.
Dagoeneko identifikatuta dituzte landare inbaditzaileak. Normalean maiatzean hasten dira lanean eta lehenengo lana espezie inbaditzaileen kartografia egitea izaten da. «Azterketa kartografikoarekin aurreko urtean erauzi ziren aleak aurten berriro agertu diren, edo espezie inbaditzaileak zein gunetan dauden jakiteko erabiltzen dugu».
Azterketa horren ondotik erabakitzen dute erauzte mekanikoa edo kimikoa egingo duten. Landarearen neurriaren arabera erabakitzen dute sistema bat ala bestea erabili: «Ale handiak badira, normalean metodo mekanikoa aplikatzen dugu, moztu egiten ditugu alegia; txikiak direnean, normalean kimikoa erabiltzen dugu, herbizidak aplikatuz».
Goiekik eta Aranzadik lau urte daramate landare inbaditzaileen aurkako borrokarekin. Epe luzerako borroka dela ikusten badute ere, emaitzak ikusten ari dira dagoeneko: «Lau urteotan ikusi dugu landare inbaditzaile gutxiago hazten dela. Metodo eraginkorra da erabiltzen ari garena. Baina urte gehiago behar dira, ibai ertzeetan oraindik ale asko daude eta. Epe luzerako prozesua da».
Espezie inbaditzaileek ez areagotzea herritarren esku ere badago. «Etxe askotako lorategiak apaintzeko erabiltzen dira baina kontuan izan behar dugu haziak barreiatu egiten direla eta beste gune batzuetara zabaltzen direla». Bertako espezieak sustatzeko deia egin du Mendozak.
Landare inbaditzaileen berri Goiekin eman
Goiekik dagoeneko zerrendatuta ditu Goierri beheko landare inbaditzaile asko eta asko. Baina zerrenda osatu eta neurririk egokienak eta eraginkorrenak hartzeko herritarren laguntza beharrezkoa du Goiekik. Olaia Mendozak azpimarratu duenez, norbaitek landare inbaditzaileren bat aurkitzen badu Goiekirekin harremanetan jartzea komeni da. «Hoberena landarearen argazki bat ateratzea eta Goiekiren webgunean dagoen aplikazioan igotzea da, horrela guk zein motatakoa eta zein neurritakoa den ikusiko dugu, behar diren neurriak hartzeko». Landarea dagoen lekuaren ahalik eta kokapen zehatzena jakinaraztea ere garrantzitsua da. www.goierri.eus /ingurumena da Goiekiren webgunea. Telefono bidez ere jar daiteke harremanetan Goiekirekin, 943 16 00 40, Olaia Mendozagatik galdetuta.