Goierriko gazteen langabezia erregistratua %1,5 da; datuak gazte guztiak hartzen ditu aintzat, baita ikasten ari direnak ere. Egoera ezegonkorra dela dio Euskadiko Gazteen Kontseiluak, eta kontratuen %95 aldi baterakoak dira.
Prekarietateak lan munduan ez dauka adinik. Krisi ekonomikoaren izenean izurrite bat bezala edo are gehiago zabaldu da gutxienez 2006tik. Ez dauka adinik, baina aurpegiak baditu eta aurpegi horietako batzuk andrazkoenak dira, immigranteenak dira, adinean aurrera egin duten gizonezkoenak dira eta gazteenak ere badira. Ez da erraza prekarietate horren isla diren zenbakiak aurkitzea, are zailagoa Goierrira ekarritako kopuruak aletzea.
Langabeziaren datu bat: Goierriko gazteen langabezia erregistratuaren tasa %1,5 da. Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiaren datua da. Dena dela, esan liteke erregistratutako langabeziak gazte guztien kopurua gordinean hartzen duela, hau da, ikasten ari diren zein lan bila ari diren gazteak batu egiten dituela. Alderaketek zeresanik badute, Tolosaldeako datua %6,2 da, Urola Kostakoa %7,2, Debagoienakoa %2 eta Debabarrenakoa zero.
Eustatek egiten dituen estatistiketan gazteen langabeziari lorratza jarraitzeko lehen enpleguaren bila ari direnen adierazleari erreparatu dakioke. Azken datua 2011koa da. Orduan, lehen enpleguaren bila zeuden goierritar kopurua 446 zen; eta langabeak garai hartan, 3.876 ziren. Euskadiko Gazteen Kontseiluak (EGK) Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gazteen langabezia %30 dela plazaratu du orain gutxi. Langabezia datu hori zehatzagoa da lan bila eta aurkitzen ez duten gazteen zenbatekoa ematen duelako. Gipuzkoan %28 dira; aitzitik, erregistratutako gazte langabetu kopurua %5 da.
Langabezian prekarietatea kabitzen da, baina prekarietate guztia ez da langabezia, eta lanean ari diren gazteen prekarietatea salatu du EGK-k eta Eusko Jaurlaritzaren enplegu planek ez dutela prekarietate hori murrizten. Ezegonkortasuna da nagusi, sinatzen diren kontratuen %95 aldi baterakoak dira EGK-ren arabera eta lana dutenen %22 gaztek ez dute bizitzeko adina diru.